Asteburu honetan amaituko da 35. Zumaiako Musika Jaialdia

2019/08/09

Uztailaren 30ean hasi zen ibilbidea abuztuaren 11ean amaituko da. Bost emanaldi izango dira, bi larunbatean eta hiru igandean. Eguraldi txarra egingo balu, Mari kalean aurreikusita dauden emanaldiak Oxford aretoan egingo dira.

LaRutan taldearen “Out of the blue” dantza ikuskizunak zabalduko du asteburuko eskaintza. Lan fresko eta dibertigarria da, askatasunez dantzatzea, mugitzea, deskonektatzea eta errutinarekin apurtzea helburu duena. Maria Andres eta Denis Martinez dira dantzariak. Arratsaldeko 20:00tan hasiko da ikuskizuna, Odieta pilotalekuan. Jarraian, Amaia Elizaran dantza taldeak “Block” lana plazaratuko du. Dantza garaikidean oinarritutako ikuskizuna da, Amaia Elizaranek eta Leire Otamendik gidatua.

Igandean, abuztuaren 11ean, haurrak izango dira eguneko protagonistak, hiru emanalditatik bi eurentzat zuzenduak izango baitira. “Hitzak” tailerrean parte hartzeko aukera izango dute, goizeko 11:00tatik aurrera Oxford aretoan. Itziar Okarizen sormenezko mundura gerturatzeko tailerra da. Hitzez osatutako mural kolektibo bat egingo dute bertaratutakoek, ozen irakurritako poema bat adi entzutetik abiatuta.

Arratsaldeko 18:30ean, berriz, “Kantu Kontari: bertoko eta urrutiko ipuinak” ipuin kontakizuna entzuteko parada izango da. Mari Kalean egitekoa den arren, eguraldi txarra medio, Oxford aretora leku aldatu daiteke.  Egunari amaiera emateko, “Trizak” kontzertua eskainiko dute Jon Piris (kontrabaxua), Hasier Oleaga (bateria) eta Julen lzarra (saxoa) musikariek. Musika inprobisatua dute oinarri, jazza eta bestelako proiektuak uztartuz. Mari Kalean izango da kontzertua, arratsaldeko 20:00tan. Eguraldiak lagunduko ez baluke, Oxford aretora leku aldatuko da.