Auzoetara eta inguruko herri txikietara itzultzeko doako taxi zerbitzua eskainiko du santelmoetan Zumaiako Udalak

2024/04/03

Narrondora, Artadira eta Oikiara, zein Arroara eta Aizarnazabalera itzultzeko taxi zerbitzua eskainiko du, eta hiru parranda egunetan eskainiko da zerbitzua, 02:00etatik 04:00etara bitartean.

San Telmo jaiak direla-eta, eta inguruko auzoetara eta herri txikietara itzultzeko autobus zerbitzu publikoaren faltan, Zumaiako Udalak doako taxi zerbitzua eskainiko die bertako biztanleei, etxerako bidea modu seguruan egin dezaten.

Hiru egunetan eskainiko da zerbitzua, 02:00etatik 04:00etara bitartean: apirilaren 6tik 7ra bitarteko goizaldean (lehenengo larunbateko parranda); apirilaren 7tik 8ra bitarteko goizaldean (igandeko parrandan); eta apirilaren 13tik 14ra bitarteko goizaldean (bigarren asteburuko larunbateko parrandan). Zerbitzua erabili nahi dutenek Fielatora (Udaltzaingoaren egoitzaren parera) joan beharko dute, zehaztutako ordutegiaren barruan.

Zerbitzuaren xehetasunak

  • Nora itzultzeko balio du? Zumaiako auzoetara (Narrondora, Artadira eta Oikiara), Arroara eta Aizarnazabalera itzultzeko.

  • Egunak: Apirilaren 6tik 7ra bitarteko goizaldea (lehenengo larunbateko parranda); apirilaren 7tik 8ra bitarteko goizaldea (igandeko parranda); eta apirilaren 13tik 14ra bitarteko goizaldea (bigarren asteburuko larunbateko parranda).

  • Ordutegia: Zerbitzua 02:00etatik 04:00etara bitartean eskainiko da.

  • Lekua: Zerbitzua erabili nahi dutenek Fielatora (Udaltzaingoaren egoitzaren parera) joan beharko dute, zehaztutako ordutegiaren barruan.
  • Eskariaren arabera: Zerbitzua eskariaren arabera emango dada, eta horrek esan nahi du erabiltzaileek ezarritako ordutegiaren barruan zehaztutako unean eta lekuan eskatu ahal izango dutela.

  • Doako zerbitzua: Taxi zerbitzua doakoa izango da erabiltzaileentzat, festetatik itzuli nahi duten guztien segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko. Udalak bere gain hartuko du zerbitzuaren kostua.

San Telmo jaietan doako taxi-zerbitzu honen helburu nagusia herritarren mugikortasuna erraztea da, batez ere gaueko orduetan, eta ospakizunez modu seguru eta arduratsuan gozatzeko aukera bermatzea. Oikiako Mantzior kultur elkartearen eskariari erantzunez honako zerbitzua ematea erabaki du Udalak, auzoetako eta herri txikietako herritarren beharrak kontutan hartuta.