Martxan dago Itzurunbideko igogailua
Itzurunbideko igogailuaren obrak amaitu dira azkenean, eta dagoeneko martxan dago. Azpiegitura berri honen helburua da herritarren eguneroko mugikortasuna erraztea eta Larretxo auzoko irisgarritasuna hobetzea.
Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotzen dituen igogailu berria erabilgarri dago jada. Iñaki Ostolaza alkateak eta Argi Yeregi hirigintza zinegotziak hainbat bizilagunekin batera estreinatu dute gaur goizean. Inguruko espazioetan azken bermoldaketak amaitzearen faltan, dagoeneko erabilgarri dago gaurtik aurrera.
Igogailu berriak hiru geldialdi ditu: Itzurunbidea, erdialdeko belargunea eta Larretxoko goialdeko pasabidea. Horrela, ibilbide irisgarri jarraitua bermatzen da auzoan zehar. Zumaiako Udalak 671.298 euroko inbertsioa egin du proiektuan, eta igogailua eraikitzeaz gain, ingurune osoa berrantolatu du: lehen eta bigarren geldialdien ingurunea txukundu da erabilera eroso eta segurua bermatzeko, eta Larretxoko bidegurutzearen inguruan ere irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko esku-hartzea egin da, asfaltatze lanekin batera.
Argi Yeregi hirigintza zinegotziak azpimarratu du proiektu hau ez dela azpiegitura isolatu bat, baizik eta Larretxoko auzoaren errealitate demografikoari erantzuten dion esku-hartze estrategikoa. Izan ere, Larretxoko biztanleen herenak 60 urte baino gehiago ditu; %25ek 65 urte baino gehiago, eta %10ek 75 urtetik gora. Altueran dauden Zumaiako hiru auzoen artean —Alde Zaharra, Jadarre eta Larretxo—, zahartze indizerik handiena duen auzoa da Larretxo, eta horrek bereziki beharrezko bihurtzen ditu irisgarritasuna hobetzeko neurriak.
Igogailuari esker, 122 etxebizitzak irisgarritasuna lortzen dute zuzenean (Irisgarritasun Legea guztiz betetzen da kasu horietan), eta gainerako etxebizitzetan bizi diren auzotarrentzat ere hobekuntza nabarmena dakar eguneroko joan-etorrietan. Horrez gain, Zumaiako Udalak gogorarazi du epe ertainean bestelako esku-hartzeak aurreikusten direla Larretxo auzunean irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko: aldapen hobekuntza, arrapalen malda murriztea, espaloiak zabaltzea eta hiri-altzariak egokitzea, besteak beste.

Albiste erlazionatuak
Hirigintza
Irisgarritasun Plana
Auzoak
Zumaia bizitzeko da
- 0-6 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako bizipen tailerrak emango ditu otsailean Jon Urdineta psikomotrizistak 2026/01/13
- Urtarrilaren 12an zabalduko da Torreagako BOE etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea 2026/01/09
- Udalaren esker mezua Gabonetako ekitaldietan lagundu duten herritar guztiei 2026/01/08



