Badatoz inauteriak Zumaiara ere
Otsailaren 9tik 12ra bitartean mozorroen festak hartuko du Zumaia. Iolande Ostolazak egindako kartelean jaso dute programa guztia.
Otsaileko bigarren asteburuan inauteriak ospatuko dira Zumaian. Mozorro festa, kalejira eta kontzertuak izango dira, baita Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna ere.
Ostiralean lehertuko da festa: arratsaldean, ohi bezala, herriko eskoletako haur eta irakasleek kalejira egingo dute herrian zehar. 17:30etik aurrera, Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak eta ZUMB musika bandak Kubako kultura ekarriko dituzte Zumaiako kaleetara.
Larunbatean 12:00etan hasiko da festa, Astindu dantza elkartearen dantza-kalejira izango da. Ordu beretsuan hasiko da Zumai txarangaren kalaejira: familia giroan salto eta dantza! ariko dira haur zein helduak. Arratsaldean, berriz, haurren festa eta mozorro lehiaketa izango dira Eusebio Gurrutxaga plazan. Arratsaldean zehar, zumaiarrek argazkiak ateratzeko aukera izango dute Oxford aretoan prestatuko den Argazki Txokoan. Eguna amaitzeko, arratsaldeko 20:00etatik aurrera kontzertuak izango dira Amaia plazan: Hoben eta Karter Zumaiako musika-taldeak, eta Occhi di Farfalla zarauztarrak egongo dira oholtza gainean. 22:00etatik aurrera, gainera, diskoteka egongo da Kofradian.
Igande eguerdian Beti jai fanfarrearen kalejira izango da herriko kaleetan, eta 16:30ean haurrentzako El arca de noé filma proiektatuko dute da Aita Marin.
Mozorro lehiaketak
Mozorro onenak dituztenek sariak lortzeko aukera izango dute inauterietan. Haurren kasuan, larunbatean Eusebio Gurrutxaga plazan egingo den festan parte hartu beharko dute. 17:00etan eman beharko dute izena, eta hiru sari egongo dira jokoan: banako edo bikote onenaren saria, 0-8 urte bitartekoen talde mozorro onenaren saria, eta 9-12 urte bitartekoen talde mozorro onenaren saria. Lehiaketarako musika berezi bat nahi izatekotan, izen-ematea egitean eman beharko da.
Heldu eta gazteen mozorro lehiaketan (16 urtetik gorakoek parte hartu dezakete hemen), bi sari banatuko dituzte: banako edo bikote onenaren saria, 80 eurokoa, eta taldekako mozorro onenaren saria, 200 eurokoa. Bi sariak Gertu elkarteak emandakoak izango dira. Lehiaketan parte hartzeko 18:30etik 21:00etara bitartean Oxford aretoan egongo den Argazki Txokora joan beharko dute.
Kartel lehiaketan, herritarren saria jokoan
Iolande Ostolazak egindako kartelak iragartzen du 2024ko inauterietako egitaraua. Haren lanak jaso du epaimahaiaren saria, eta 300 euroko bonoa lortu du. Herritarren saria jokoan dago oraindik, ordea. Alondegiko sarreran dagoen erakusketan jasotzen diren botoen bitartez erabakiko da. Bi lagunentzako otordua eskuratuko du herritarrek hautatutako kartelaren egileak.
Inauterietako egitaraua
Otsailak 9, ostirala
Arratsaldean, herriko ikastetxeetako haurren inauteri festa Fiesta de Carnaval
17:30 Ubillosen hasita Musika Eskola eta ZUMB-Musika bandaren inauterietako kalejira: Kuba!
Otsailak 10, larunbata
12:00 Eusebio Gurrutxaga plaza, Astindu dantza elkartearen dantza-kalejira
12:15-14:00 Eusebio Gurrutxaga plaza, Familian Zumai txaranga salto eta dantza! herriko kaleetan zehar
17:00 Eusebio Gurrutxaga plaza, inauterietako mozorro festa Fiesta de disfraces de carnaval
18:00 Haurren mozorro lehiaketa
18:30 Herriko kaleetan zehar kalejira Zumai txarangarekin
18:30-21:00 Oxford aretoa, Argazki Txokoa
20:00 Amaia plaza, kontzertua Karter, Hoben eta Occhi di Farfalle
22:00 Kofradia, Diskoteka
Otsailak 11, igandea
12:00-14:30 Beti Jai Fanfarrearen kalejira herriko kaleetan zehar
17:00 Aita Mari aretoa, zine emanaldia El arca de Noé
Mozorro lehiaketak
- HAURREN LEHIAKETA 18:00 Eusebio Gurrutxaga plazan
3 sari: banako/bikote onena, taldeka 0-8 urte, taldeka 9-16 urte
Izen-ematea, 17:00 plazan bertan.
Lehiaketarako musika berezi bat eskatu nahi bada, izen-ematean ekarri beharko da.
- HELDU ETA GAZTEEN LEHIAKETA (16+ urte)
18:30-21:00 Argazki Txokoan herritarren sariak Banakakoa edo bikotea 80 € eta taldea 200 €, Gertu elkartearen eskutik
Otsailak 12, astelehena
15:00 eta 17:30 Zumaiena, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna: Ez gara jaitsiko!
Albiste erlazionatuak
Festak
Zumaia bizitzeko da
- Paolbideko komun publikoa konpontzen ari da Udala 2024/10/07
- Zumaiako trenbide-azpiegituran 15 milioi euroko inbertsioa egingo du Mugikortasun Jasangarrirako Sailak, eta Estazio inguruan hobekuntza ugari Udalak 2024/10/04
- 'Zumaian euskararekin zer?' prozesuaren barruan partaidetza saioei ekingo diete urrian 2024/10/03
- Etiketa berdearen balioak soinean, 650 korrikalari eta boluntario mordoa ariko dira 15. Flysch Trail lasterketan 2024/10/01