Edukiontziak irekita egongatik ere, Udal Elkarteak dei egiten die herritarrei edukiontziak behar bezala erabili ditzaten

2020/08/20

Bolumen handiko altzariak dagokion unean eta era ordenatuan ateratzeko eskatu du Udal Elkarteak. Gainera, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduei gogorarazi die puntuz puntuko bilketa egiten duela, eta ezin dituztela herritarrek erabiltzen dituzten edukiontzietan utzi sailkatu gabeko hondakinak.

Urola Kostako Udal Elkartearen oharra:

Covid-19ari aurre egiteko aurretiaz hartutako segurtasun-neurriei jarraiki, organikoaren eta errefusaren edukiontziak udan ere irekita mantentzea erabaki zuen Urola Kostako Udal Elkarteak.

Bi hilabeteko ikuskapen-lanen ondoren, Udal Elkarteko lehendakariak deia luzatu die herritarrei: “Erantzukizunez jokatzeko garaia da. Edukiontziak irekita egonagatik, hondakinak behar bezala sailkatzen jarraitu behar dugu; frakzioak bereizita, dagokien edukiontzian.”

Alde batetik, Udal Elkarteak berriz ere dei egiten die eskualdeko herritar guztiei edukiontziak behar bezala erabil ditzaten, hondakin bakoitza behar bezala sailkatuz. Eta, irmoki gogorarazi du Lourdes Salsamendik: “erabat debekatuta dago poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea.  Izan ere, orain arte hain emaitza onak eman dituen hondakinen bilketa zerbitzua eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da herritarren ardura eta konpromisoa”.

Bestetik, puntuz puntuko bilketa zerbitzua eskaintzen zaien merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduei gogorarazi nahi zaie ezin dituztela herritarrek erabiltzen dituzten edukiontzietan utzi sailkatu gabeko hondakinak. Aipatu erabiltzaileek “zerbitzu pertsonalizatua behar bezala erabiltzeko betebeharra dute”, gogorarazi du lehendakariak. Salsamendik gaineratu du “bost udalekin elkarlanean, Udal Elkartea atez ateko zerbitzua etengabe hobetu eta doitzeko” lanean ari dela.

Azkenik, bolumen handiko altzariak kalera ateratzean, dagokion unean eta era ordenatuan uzteko eskatu du Udal Elkarteak. Alegia, herri bakoitzari dagokion bilketa egunaren bezperan, 20:00etatik 22:00etara: Aia (igandetan); Getaria (astelehenetan); Orio (asteartetan); Zarautz (asteazkenetan); Zumaia (ostegunetan). Aldi berean, edozein unetan eraman daitezke horrelako hondakinak eskualdeko garbiguneetara: Aia-Orio, Zumaia eta Zarautz.

Bide batez, Salsamendik aisialdi guneetako, parke naturaletako eta autokarabanentzat egokitutako erabiltzaileei ere (eskualdeko herritarrei nahiz bisitariei) deia luzatu nahi izan die: “Izan gaitezen arduratsuak norberak sortzen duen zaborrarekin, eta errespetatu ditzagun aisialdiko guneak”.

Ingurumenarekiko begirunez jokatzeko eskaeraz gain, osasun arrazoiak ere gogoratu nahi izan ditu Udal Elkarteko lehendakariak: “Bizi dugun ezohiko egoera honetan, ezin gara lasaitu birziklatzerako orduan: ingurumenarekiko begirunez, arduraz, eta erantzukizunez jokatzeko garaia da: guztion osasuna babesteko modu bakarra da-eta; baita bilketa zerbitzuko langileena ere”.