Ekainaren 25ean amiantodun fibrozementua duten hainbat material jasoko dituzte Zumaiako Garbigunean

2020/06/22

Urola Kostako Udal Elkarteak proba piloto moduan jarri du martxan bilketa zerbitzua, eta materiala entregatu nahi dutenek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Zumaiako Garbigunean ostegun honetan, hilaren 25ean, entregatu ahal izango dira materialak.

Urola Kostako Udal Elkarteak amiantodun fibrozementua duten materialak jasoko ditu hurrengo hilabeteetan. Etxeetan egon ohi diren materialak jasoko dituzte eskualdeko Garbiguneetan; hala nola, uralita plaka (leunak nahiz uhinduak), loreontziak edota hodiak. 

Materiala entregatu nahi dutenek hainbat baldintza bete beharko dituzte; hala nola, pertsona bakoitzak entrega bakarra egin ahal izango du, eta gainera, materialaren pisua eta kopurua mugatua izango da. Era berean, Urola Kostako Udal Elkarteak material horiek manipulazioaren inguruan kontutan eduki beharreko neurriak zehaztu ditu.

Amiantodun fibrozementua

Amiantodun fibrozementua, eraikuntzan erabilitako zementu eta amianto zuntzez osatutako materiala da.

2002. urtean debekatu egin zen, eta ordutik, zelulosa eta beira-zuntzen materialek ordezkatu dute. Gaur egun, ordea, gure etxebizitzeko hainbat instalazio eta objektuk fibrozementua izan dezakete. Honakoak dira ohikoenak: uralita plaka (leunak nahiz uhinduak), loreontziak, tximiniak, aireztapeneko saretak, hodiak, ur-biltegiak...

Amiantodun fibrozementua hausten denean, zuntz oso txikiak askatzen dira eta osasunean eragina izan dezakete. Izan ere, biriketan sartuz gero, gaixotasun bat eragin dezakete (minbizia, kasu).

Neurriak

Profesionalek baino ezin ditzakete burutu fibrozementu amiantodun materialen bat askatzeko desmuntatze lanak. Amiantoaren Arriskupeko enpresen Erregistroan ikus daiteke zeintzuk diren gai lan horiek egiteko. Hortaz, amiantodun hondakin hauek ezin dira ekarri Garbigunera.

  • Inoiz ez hautsi materiala
  • Materiala kendu edota garraiatzeko, erabilpen bakarreko eskularruak eta maskarak erabili
  • Zuntzak ez askatzeko, bildu materiala plastikozko poltsa batean (Garbigunean eskatu daitezke)
  • Erabilpen bakarreko arropak erabili; arropa zaharra erabiltzea gomendatzen da; lanak amaitu ondoren, astindu gabe, poltsa batean sartu eta hondakinekin batera Garbigunera eramateko.

Zer egin behar da amiantodun fibrozementua duten hondakin eta objektuekin?

Partikularrek Garbigunera eraman ditzakete material txikiak (loreontziak, uralita plakak, hodiak...). Betiere, honako baldintzak bete beharko dira:

  • Fibrozementu plakak: 2 plaka gehienez (4m2 eta 50kg gehienez)
  • Elementu apaingarriak, hala nola, loreontziak (30kg gehienez)
  • Hodiak (gehienez 3mL)

Zehaztutako kopurutik gora ekartzeko, baimen berezia eskatu beharko da.

Jasotzeko baldintzak

  • Ordutegia: 9:00-13:30 / 16:30-18:00
  • Pertsona bakoitzeko jasoketa bakarra onartuko da

Informazio gehiago:

943890808

harrera@urolakosta.eus