Fototeka osatzeko argazki zaharren bila ari da Zumaiako Udala

2023/05/16

Nolakoa zen garai bateko Zumaia? Galdera horri erantzun eta herritarrei ezagutarazteko asmoarekin, Udala aspalditik ari da eratzen Zumaiako argazki zaharren artxiboa. 1995 urtea baino lehen egindako argazkiak bildu nahi ditu. Ekainaren 16ra arteko tartea zabaldu da horretarako.

Nolakoa zen garai batean Zumaia? 90eko hamarkadan, galdera horri erantzun nahian, argazkiak biltzen hasi ziren Zumaiako Udala eta garai hartako argazki elkartea. Urte batzuk geroago, 2005ean, argazki haiek katalogatu eta digitalizatzeari ekin zion, Eusko Ikaskuntzarekin lankidetzan.  Gaur egun, Zumaiako historia politiko, sozial eta kulturalaren lekukotza eskaintzen digun argazki bilduma ederra du fototekak. Artxiboa Eusko Ikaskuntzaren webgunean egon da orain arte, eta, orain, webgune propioan jaso dira argazki guztiak.

> Fototekaren webgunea: fototeka.zumaia.eus

Ia 800 argazki daude bertan, garai askotakoak eta gai askori buruzkoak. Gehienak 1870 eta 1977 urte bitartekoak dira, eta arloka banatuta daude: antropologia, etnografia eta folklorea; arteak; biografia; biologia eta geologia; ekonomia; erlijioa eta teologia; garraiobideak eta komunikazioak; geografia eta lurraldearen antolamendua; gizarte eta giza zientziak, eta jokoak, kirolak eta ikuskizunak.

Herritarrek etxean dituzten argazkien bila

Zumaiako Udalak fototeka osatzen jarraitu nahi du. Horregatik, herritarrei eskatu nahi die, etxean argazki zaharrak baldin badituzte, gehitu ditzatela artxibora. Horretarako, Kultura Sailarekin harremanetan jartzea besterik ez dute. Helburua zumaiarrek herriko ondarea bilatzeko eta zabaltzeko lanean parte hartzea da. Zuk ere argazki zaharrak badituzu, eta Udalak duen argazki artxiboa zureekin osatzea nahi baduzu, aurkeztu itzazu argazkiak kultur sailaren bulegoan, Alondegian. Ekainaren 16ra arteko tartea zabaldu da horretarako.

Xehetasun gehiago:

  • Zein argazki bildu nahi ditugu? 1995 urtea baino lehen egindako argazkiak, Zumaia herriaren bilakaera islatzen dituenak.
  • Zer eraman behar da? Argazkia paperean eta oinarrizko datuak
  • Hitzorduak: argazkiak entregatzeko hitzordua emango da. Horretarako, deitu 943 86 10 56 telefono zenbakira (09:30etik 14:30era). Argazkia Alondegian utzi beharko da, eta Zumaiako Udala arduratuko da argazkiak digitalizatu, eta jabeari itzultzeaz.
  • Pertsona bakoitzak, gehienez, 10 argazki aurkeztuko ditu.
  • Zalantzak izatekotan jarri harremanetan Kultur Sailarekin, 943 86 10 56 telefono zenbakira deituta edo kulturetxea@zumaia.eus e-mailera idatzita.