Frankismo garaiko bizipenak eta eskubide urraketak kontatzera deitu dituzte herritarrak

2025/10/07

Urriko astearteetan Zumaiako udaletxean egongo dira Aranzadiko ikerlariak, 10:00etatik 13:00era bitartean. Bestelako egun eta ordutegietan zita hartzeko aukera ere zabaldu dute: 699809130 telefono zenbakira deituta edo memoria@aranzadi.eus e-mailera idatzita.

Zumaiako udalbatza osatzen duten hiru udal taldeetako ordezkariek herritarrak gonbidatu dituzte frankismo garaiarekin lotutako haien testigantzak ematera. Elkarrekin agertu dira Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Marina Bidasoro EH Bilduko zinegotzia, Joxemi Antia EAJko zinegotzia eta Duñike Agirrezabalaga PSEko zinegotzia, Aranzadi elkarteko Javier Buces ikerlariarekin batera.

1959 eta 1978 urteen artean Zumaian edo zumaiarrek jasandako giza eskubideen urraketak ikertzen jarraituko dute, bada. Edonola ere, nabarmendu dute giza eskubideen urraketez harago, frankismo garaiko giro eta bizipenak ere jaso nahi dituztela. Proiektu honek jarraipena ematen dio aurreko legealdietan Udalak egindako oroimen historikoaren lanketei, baita elkarte memorialistek egindako eta egiten duten lanari ere.

Errepresio politikoa, erbestea, zentsura, jazarpen soziala edo isiltasunean gordetako bestelako eskubide urraketak jasoko dituzte. Dokumentu historikoak eta testigantzak (zuzenekoak zein bigarren mailakoak) bilduko dituzte horretarako.

Proiektu honek ez du iraganera bakarrik begiratzen. Batez ere, orainari eta etorkizunari begiratzen dio. Egia, Justizia eta erreparazioa bilatzen ditu eskubide urraketak jasan zituztenentzat eta haien ingurukoentzat, noski. Baina horrez gain, gizarte osoarentzat memoria tresna moduan eskaintzea du xede. Izan ere, halako lanek gertatutakoa errepikatu ez dadin herritarren kontzientzia sustatzea ere badute helburu.

Horregatik, lana ez da artxiboetan geldituko emaitzak zabaltzeko hitzaldia, aurkezpen publikoak eta webgune bat prestatuko dituzte. Helburua ez da soilik ikertzea, baizik eta ezagutaraztea, herritarren parte-hartzea sustatzea, gertatutakoaren inguruan hausnartzea, eta belaunaldi berriei memoria bizirik helaraztea.

Lanketa honetan guztian, gainera, genero ikuspegia nabarmen hartuko dute kontuan, sarri, errepresio eta indarkeria kasuetan, emakumeen bizipenak isilpeagoan gelditu ohi baitira. Isildutako horri guztiari ahotsa eman nahi diote Udalak eta Aranzadik.

Herritarren ekarpena, funtsezkoa

Lan honetan ezinbestekoa izango da zumaiarren ekarpena: testigantzak, dokumentuak, oroitzapenak edo bestelako informazioa partekatu nahi dutenek ateak zabal-zabalik izango dituzte. Horretarako, Zumaiako Udalak eta Aranzadik Memoriaren Bulegoa jarriko dute martxan, informazioa biltzeko eta zalantzak argitzeko.

URRIKO ASTEARTEETAN (7, 14, 21, 28)
10:00-13:00
Zumaiako udaletxean

Ordutegi horretatik kanpo zita hartu nahi dutenek 699809130 telefono zenbakira deitu edo memoria@aranzadi.eus e-mailera idatzi beharko dute.