Gaztetxolak ere ireki ditu ateak

2020/06/01

Gazteguneko hezitzaileak kalean zein Gaztegunean bertan elkartuko dira nerabeekin. Horretarako aurrez eman beharko dute izena, aforoa eta taldeko kideen gehieneko kopurua mugatuak izango baitira. Gainera, nerabe eta hezitzaileek babes eta higiene neurriak bete beharko dituzte.

Azken asteotan Gaztegunea ere itxita egon behar izan da, COVID-19a dela eta. Dena den, Gazteguneko zerbitzua ez da etenda egon, eta sare sozialen eta interneten bidez gazteekin harremana mantendu dute hezitzaileek.

Orain, pixkanaka arintze neurriak martxan daudela, Gazteguneko ateak irekiko dituzte. Egoera berrira egokitzea “arraroa eta zaila” izango dela aurreikusten dute hezitzaileek, baina guztien artean Gazteguneari norabide berri bat ematea posible izango dela uste dute.

Hurrengo asteotan, egoeraren arabera, moldaketa berriak egingo dituzte Gaztegunean. Baina bitarte honetarako funtzionamendu zein babes eta higiene neurriak zehaztu dituzte.

Gaztegunearen zerbitzuak pixkanaka jarriko dituzte martxan hezitzaileek. Hasiera batean kalean topaketa laburrak egingo dituzte nerabe talde edo koadrilekin, eta pixkanaka talde edo koadrilekin kalean zein Gaztegune barruan hitzordu luzeagoak egingo dituzte.

Astelehenetik ostiralera egongo da martxan zerbitzua, eta eguna bi txandatan bereiziko dute. Aforoa errespetatu dadin, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea.

Gainera, Gaztegunean bete beharreko babes eta higiene neurrietan egin dute azpimarra hezitzaileek. Horiek argi izatea beharrezkoa dela uste dute:

  • Maskara derrigorrezkoa izangoa da
  • Espazioan sartu aurretik eta bertatik ateratakoan, eskuak garbitu beharko dira
  • Material ahalik eta gutxien erabiliko da. Erabiltzen dena norberak desinfektatu beharko du
  • Segurtasun distantzia mantentzen saiatuko gara uneoro
  • Komuna erabiltzen den bakoitzean, norberak desinfektatu beharko du erabilitako guztia: atea, komuna, arraska...
  • Espazioa aireztatuta egongo da uneoro

Oraingo fase berri honek, ate berri bat zabaldu dio Gazteguneari, baina errealitatea desberdina izango dela jakinik, hezitzaileek beharrezkotzat jo dute nerabeei egoeraren eta dauden mugen berri ematea. Horren arabera, gazteek erabaki beharko dute Gazteguneko zerbitzuak jasotzen jarraitu nahi duten ala ez.

Egoeraren berri edukita, Zumaiako nerabeak “Gaztegunea zeuena sentitzera” gonbidatu dituzte, eta horien familia eta tutoreei seme-alabak bertan parte hartzeko animatzera deitu dituzte.

Konfinamendu aldiko esperientzia

Gaztegunea itxita egon den bitartean astean bertako hezitzaileek hainbat dinamika egin dituzte nerabeekin, eta harreman zuzena mantendu dute taldekako bideo-dei bidez.

Astean zehar taldekako zein bakarkako ariketak egiteko proposamenak jaso dituzte gazteek. Asmakizunak edota ieroglifikoak ebatzi behar izan dituzte, korto zein sukaldaritza txapelketetan parte hartu dute, eta inkestak ere erantzun dituzte. Gainera, bideo-dei bidez egin beharrekoak edota hezitzaileen dinamizazioa beharrezkoa zuten ekintzak egin dituzte, hala nola, ginkanak, hitza-pasa jolasa edota gitarra ikastaroa. Taldekako bideo-dei horiek etxean egoteko agindua nola bizi izan duten elkarbanatzeko balio izan dutela nabarmendu dute hezitzaileek.

Hezitzaileen arabera “hasiera batean dinamika hauek ilusioz eta gogoz hartu badituzte ere, denbora aurrera joan den heinean motibazio hori galtzen joan da”.

Edonola ere, egoera berezi honek aukera berriak ere ekarri dituela adierazi dute. Izan ere, bakarkako jarraipena egiteko aukera izan dute aldi honetan. “Gaztegunea oso espazio mugatua da eta azpiegituraren barruan espazio bakarra dago, beraz, oso zaila izan da konfinamendu aurretik banakako jarraipenak egitea”, azaldu dute hezitzaileek; “hau horrela izanik, bakoitza bere etxean egoteak nerabe bakoitzarekin harreman zuzena egitea ahalbidetu dio hezitzaile taldeari”.