Hurrengo asteburuan estreinatuko da 'Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean' dokumentala
Jon Maiak zuzendu du lana, eta zumaiarrak eta pandemia garaian horiek izandako bizipenak ditu protagonista. Martxoaren 27an, 28an eta 29an ikusi ahal izango da Aita Mari zineman.
Etxeratze agindua ezarri zenetik urtebete igaro denean estreinatuko da Zumaiako Udalak eta UKTk elkarlanean ekoitzitako ‘Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean’ dokumentala. Jon Maia aritu da zuzendari lanetan, eta zumaiarren testigantzak bildu ditu 90 minutu inguruko ikus-entzunezkoan.
Martxoaren 27an eguerdiko 12:00etan egingo da lehen pasea; ekitaldi itxia izango da, eta dokumentalean parte hartu duten elkarrizketatuek eta haien ingurukoek parte hartuko dute saioan. Beste lau emanaldi ere izango dira martxoko azken asteburuan: hilaren 27an 19:00etan, hilaren 28an 17:00etan eta 19:30ean, eta hilaren 29an 19:00etan. Saio horietarako gonbidapenak martxoaren 23tik aurrera egongo dira eskuragarri, turismo bulegoan. Aurrez aurreko emanaldiak egin eta gero internet bidez ere ikusi ahal izango da dokumentala.
2020arekin batera iritsi zen COVID-19a Zumaiara ere, eta pixkanaka honakoaren eragina areagotzen joan da. Oraindik neurtu ezin diren ondorioak izaten ari da pandemia egoera, eta bizitzen ari garenaren dimensioaz jabetuta, Zumaiako Udalak urtebetean jazotakoa dokumentatu nahi izan du. Horretarako, pandemia garaian informazio-bilketa handia egin duen UKT kooperatibarekin elkarlanean aritu da lanean.
Zumaiarren testigantzak, pandemia kontatzeko
Herritar multzo zabalak hartu du parte proiektuan, ikuspegi ahalik eta osoena eta zabalena lortzeko. Konfinamendu garaietatik abiatuta, zumaiarrek zumaiarren ahotik entzun ahal izango dituzte urtebetean izandako bizipenak. Osasun arloko langileen, konfinamendu aldian boluntario moduan ibilitakoen, gaixotasuna gertutik bizi izan dutenen, supermerkatuko langileen, gazteen zein adinekoen testigantzak bildu dira, Zumaiatik mundu mailan gertatutako pandemiaren argazki bat osatzeko. Herritarren testigantzak pandemia egoera bizi dugun momentuan bertan jasotzeak balio erantsia duela uste du Udalak, lekukotasun horiek aberatsagoak eta biziagoak direlako. Halaber, Udalaren helburuak dira herriko ondarea biltzea eta etorkizunerako dokumentu aberats bat sortzea, momentuak ematen duen zuzeneko aukera baliatuz.
Purificación Tena, Iñaki Ostolaza, Rosa Azkue, Karlos del Pilar, Maria Luisa Ubera, Guadalupe Egaña, Laxaro Egaña, Iñaki Aizpurua, Arhane Berriozabal, Malen Aizpuru, Eider Kalparsoro, Jon Velarde, Ander Manterola, Ibane Astigarraga, Esti Iribar, Oier Aizpurua, Iratxe Albizu, Jexux Iribar, Rosario Ansola, Itxaso Agirrezabalaga, Irune aranguren, Naia Larrañaga, Malen Larrañaga eta Peio Ostolaza zumaiarrak dira istorioaren kontalariak. Horiek guztien testigantzek norberak bizitakoak gogorarazteko eta bizitakoaren inguruan hausnartzeko aukera emango dutela uste dute proiektuaren sustatzaileek.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
Oroimena
- 'Itzalpeko Emakumeak' erakusketa martxoaren 4an irekiko da 2023/02/27
- 1936ko gerran hildako Inazio Lopetegi Oliden oikiarra omentzeko ekitaldia izango da larunbat honetan 2023/02/21
- XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten Zumaiako emakumeen izen bila ari dira, 'Itzalpeko emakumeak' erakusketa osatzeko 2022/10/18
- 1937an frankistek kanporatutako herritarren omenez jarritako monolitoa eraberrituko dute 2022/06/17
Covid19
- COVID ziurtagiria dela-eta, Zumaiako Udalaren oharrak 2021/12/16
- Kiroldegian eta kultur ekitaldietan ohiko funtzionamendua berrezarriko da ostiral honetan 2021/10/07
- Zabalik dago ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatzeko dirulaguntzen deialdia 2021/08/06
- Aurtengo udan ere betetze maila neurtuko da Zumaiako hondartzetan 2021/06/11