Irailaren 6an inauguratuko da “Beobide: 1891-1969” erakusketa

2019/08/30

Julio Beobide irudigile zumaiarraren inguruko erakusketa inauguratuko da irailaren 6an, Oxford aretoan. Irekiera ekitaldia 18:30ean izango da.

Erakusketa honekin herriko artista honi merezi duen omenaldia egin nahi zaio, haren heriotzaren 50. urteurrenaren harira. Julio Beobidek jorratu zituen hainbat esparrutako lanak bilduz, artistaren ibilbide profesionala islatu nahi izan dute antolatzailek: erretratuak, iruditeriak zein ikatz-ziriz egindako erretratu zein autoerretratuak. Lan horiez gain, Beobideren bizitzaren berri ematen duten zenbait dokumentu ere egongo dira ikusgai.
Erakusketa hainbat eragileren, herritarren eta Beobide sendiaren arteko elkarlanaren emaitza da: Otaño sendia, Esnal Uranga sendia, Erramun Zubia, Karmengo Ama Beobide lantoki museoa, Photomuseum, San Telmo Museoa, Zuloaga Fundazioa, Distira Elkartea, San Pedro Parrokia eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du Zumaiako Udalak Beobideren obra bildu eta ikusgai jartzeko.

Erakusketa irailaren 6tik 22ra bitartean izango da, egunero 18:30etik 20:30era. Asteburuetan, berriz, 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era egongo da zabalik Oxford aretoa.

Irailaren 7an eta 8an Kresala: Beobide lantegi museoa ere irekirik egongo da 16:30etatik 19:30etara. Honez gain, San Pedro parrokian ere Beobideren zenbait lan ikusgai izango dira.