Julene Azpeitia lehiaketako sariak banatu dira

2019/11/29

Julene Azpeitia literatur lehiaketako sari banaketa egin zen atzo arratsaldean Alondegiko Oxford aretoan. Nerea Arrien, Maite Arruti eta Nerea Eizagirre dira aurtengo edizioko saridunak eta ipuinak irakurgarri daude dagoeneko.

Atzo arratsean banatu zituzten aurtengo Julene Azpeitia Sariak, Euskararen Astearen baitan. Aurtengoan, Nerea Arrien, Maite Arruti eta Nerea Eizagirre izan dira Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak. Dagoeneko irakurgai daude ipuinak webgune honetako Julene Azpeitia atalean.

Atzo egin zen sari banaketan izan ziren Nerea Arrien eta Maider Arruti; Nerea Eizagirreren ordez Elene Eizagirrek jaso zuen saria. Maddi Aldalur Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, eta Ainhoa Illarramendi eta Arritxu Marañon Euskara Batzordekideek eman zizkieten sariak. Iñaki Ostolaza alkateak esker ona adierazi zien sarituei eta lehiaketako parte hartzaileei. Era berean, herritarrei Euskararen Egunaren harira larunbatean egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia egiteko probestu zuen zita. Sari banaketa ekitaldia Maite Larbururen musika emanaldiarekin amaitu zuten.

Inoizkorik lan gehien

Aurten 60 lan aurkeztu dira, inoizkorik gehien, horietatik 6 zumaiarrek idatzitakoak. Urriaren amaieran bildu zen epaimahaia lehiaketa erabakitzeko. Bertan izan ziren Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliño idazleak; idazkari lanak Udaleko euskara teknikariak egin zituen, botorik gabe. Aurten 60 lan aurkeztu dira, inoizkorik gehien, horietatik 6 zumaiarrek idatzitakoak.

Ipuin sarituak

Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanean artean, onenak honako hauek direla erabaki dute epaimahaikideek:

1. saria, 3.000 eurokoa, Nerea Arrien Elordik eskuratu du KAXARRANKA ipuinari esker. Nereak lehenengo aldiz irabazi du lehiaketa hau. Epaimahaiaren iritziz lanik onena izan da irakurlea harrapatzen duen ipuina delako, erritmo bizi bizia du, esaldi labur eta zehatzekin lortzen duena autoreak behin ere erori gabe. Deskribapenak ere oso onak dira, horiei esker irakurlea erraz sartzen da atmosferan, giroa oso lortua dago. Irrika sortzen du eta espektatibak betetzen ditu, oso ipuin originala da.

2. saria, 1.500 eurokoa, Maite Arruti Arakistainek irabazi du TOXIKOA lanarekin. Ipuin honek harremanei buruz hitz egiten du, psikologiatik asko du, ispilu lanak egiten ditu, oso ondo landutako jokoa erakusten du. Estiloa eta tonua oso finak dira, tentsioa mantentzen du eta jakin-mina pizten du. Hasieratik bukaeraraino erakargarria da.

Azkenik, Zumaiako onenaren saria, 1.000 eurokoa, Nerea Eizagirre Telleriarentzat izan da, ZURI ipuinagatik. Interes handia pizten duela iritzi dio epaimahaiak, deserria ageri da, gutxi landutako gaia. Pertsonaiak oso ondo identifikatzen dira egiten dutenarekin, eguneroko gauza txikienetan egoki deskribatuta daude. Eta oso ongi bukatua dago ipuina.

Ipuinak irakurgarri, paperean eta sarean

Julene Azpeitia lehiaketaren 25. urteurrenaren harira, lehiaketako edizio guztietan saritutako ipuinak digitalizatu ziren lehen aldiz. Orduz geroztik, sorreratik hona saritutako ipuinak modu digitalean eskuragarri daude web honetan bertan (epub, mobe eta PDF formatuan). Aurtengo sarituen ipuinak ere irakurgai daude bertan.

Gainera, urtero bezala, aurtengoan ere paperean irakurri ahal izango dira. Alondegian eta udaletxean liburuxkak jarri dituzte eskuragarri.

Julene Azpeitia ipuin-lehiaketa atala: 32 urte, 89 ipuin