Kofradiako etxebizitza bat lagatzeko akordioa sinatu du Zumaiako Udalak Malen Etxea elkartearekin

2021/01/12
Malen Etxea elkarteak alberge moduan erabiliko du etxebizitza, ‘emakume migranteei aterpea eta babesa emateko’. Urtebeteko iraupena izango du hitzarmenak, eta helburua Covid-19ak egoera are zaurgarriagoan utzi dituen herritarrak babestea da.

Zumaiako Udalak eta Malen Etxea elkarteak akordioa sinatu dute gaur goizean, Kofradia eraikineko bigarren solairuan dagoen etxebizitza elkarteari lagapenean uzteko. Urola Kostako emakume migratuen babeserako gunea izango dela azaldu dute.

Jessica Guzman Malen Etxea elkarteko lehendakariak adierazi du bizi dugun osasun krisiak egoera bereziki larrian jarri dituela etxeko zaintza eremuan lan egiten duten emakume migranteak. “Migrante izatearen baldintzari lotutako egoera eta kasuistika desberdinengatik, herritar horietako askok ezin dituzte laguntza sozialak jaso, eta gehienak etxeko zerbitzu eta zaintzaren eremuan lan-baldintza kaskarrak dituzte”, azaldu du. Gainera, Guzmanen esanetan “asko dira lanik eta etxebizitzarik gabe gelditu diren kideak”, eta Zestoan duten aterpetxea txiki gelditu zaie.

Egoera horren aurrean, 2020 erdialdean Urola Kostako herrietan etxebizitza bat alokairuan bilatzeko lanak hasi zituzten, baina “etxebizitza merkatuaren ezaugarriengatik (turismorako erabiltzen dira etxebizitza asko, eta iniziatiba sozialak babesteko zailtasun asko daude sarri)” ez dute etxebitzarik alokatzea lortu. Hori horrela izanik, Zumaiako Udal Gobernuari laguntza eskatu zioten egoerari konponbidea emateko.

Maider Alberdi berdintasun zinegotziaren arabera, eskaera jaso bezain pronto aukera ezberdinak aztertzeari ekin zioten, eta Kofradiako etxebizitzetako bat Malen Etxearen beharrei erantzuteko egokia zela iritzita, beharrezko prozedura martxan jarri zuten. Etxebizitzaren azterketa eta zenbait lan txiki egin eta gero, Kofradiako bigarren solairuko etxebizitza Malen Etxeako kideek erabiliko dute aurrerantzean. Urtebeteko iraupena duen hitzarmena sinatu dute, lagapena doakoa izango da –hau da, Malen Etxeak ez du alokairurik ordainduko–, eta erabileragatik sortzen diren gastuak elkarteak ordainduko ditu.

Iñaki Ostolaza alkatea pozik agertu da akordioa sinatzeagatik. “Gobernura iritsi ginenetik Malen Etxea elkartearekin harremanetan egon gara, emakume migranteek bizi duten egoeraren aurrean udal mailan hartu ditzakegun neurriak aztertzen”, esan du. Zaintza eremuan lan egiten duten emakume migranteen egoeraren aurrean instituzio desberdinen neurriak eta inplikazioa beharrezkotzat jo ditu, “neurri zehatz eta txikiez harago, zaintzaren arloan bizi diren problematikak iraultzeko”.