Kultur ekitaldi askorekin dator negua Zumaiara
Musikak eta haurrei zuzendutako ekitaldiek protagonismo handia izango dute negu-sasoi honetan. Zumaiako Udala ‘Beste bat!’ arte zirkuitura atxiki da, eta zuzeneko ekitaldi ugari ekarriko ditu herrira. Ekitaldi horietarako -filmen kasuan izan ezik- sarrera edo gonbidapena aurrez hartu beharko da turismo bulegoan.
Aita Mari antzokian aurkeztu dute gaur goizean negu hontarako kultur programazioa Marina Bidasoro Kultura zinegotziak, Miriam Romatet Kultura teknikariak eta Josu Egaña Udal Liburutegiko liburuzainak. Udararako ere programazio zabala antolatu zuen Udalak, eta, ildo beretik, negu-sasoirako ekitaldi sorta berri batekin dator oraingoan. Bidasororen arabera urte zaila izaten ari da 2020a, baina Udala ahalegin berezia egiten ari da zuzeneko kultur egitaraua mantentzeko.
Romatetek azaldu duenez, haurrei zuzendutako ekitaldiak eta Musika Bulegoak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean sustatutako “Beste bat!” Zuzeneko Arteen Zirkuitua izango dira protagonista aurtengo neguan. Halaber, ohiko antzerki eta zine eskaintza izango da Aita Mari antzokian: abenduaren 26 eta 28an, esaterako, Lander Garro zuzendariaren 'Bi urte, lau hilabete eta egun bat' dokumentala ikusi ahal izango dute herritarrek.
“Beste bat!” ekimenaren baitan, negu honetan, bost ekitaldi izango dira Zumaian: Miren Amurizaren eta La Pulgaren Gorria ikuskizuna (abenduak 30); Laboa Jazz Sextet kontzertua (urtarrilak 7); Liher taldearen kontzertua (urtarrilak 22); Kukai dantza taldearen 'Gauekoak' ikuskizuna (otsailak 4); eta Urval Ensemble, Gorka Hermosa eta Jon Maiaren 'Urolatik barrena' musika emanaldia (otsailak 19). Ekitaldi horietarako sarrerak turismo bulegoan eskuratu ahal izango dira, ekitaldia baino astebete lehenagotik eta 5 euroren truke.
Kulturarekiko eta zuzeneko ikuskizuneko apustua berretsi du Bidasorok.
Krisialdia gogor jasaten ari den kulturaren sektorea indartzea du helburu egitasmoak, eta Udalak ekimenera batzea erabaki du. Hala, Bidasorok kulturarekiko eta zuzeneko ikuskizunekiko apustua berretsi du Udal Gobernuaren izenean. pairatzen ari den sektorea laguntzea du helburu egitasmo honek, eta udalak ere bat egitea erabaki du. “Kultur eskaintza herri bizi eta osasuntsu baten isla da, eta osasun neurriak errespetatuz betiere, zuzeneko ikuskizunei eusteko ahalegina egin nahi izan dugu”, azaldu du.
Haurrentzako kultur programazioa
Haurrei zuzendutako ekitaldi asko izango dira Gabonetan. Ohiko film eta antzerkiaz gain, saio gehiago izango dira neguko oporraldiak irauten duen aldian. Izan ere, bizi dugun osasun egoerak behartuta, aurtengoan ez da Gabonetako jolas parkerik edota Ludotekatik antolatutako txangorik izango.
Hutsune hori betetzeko, ordea, Zumaiako haurrek merezi duten aisialdiaz gozatzeko aukera izango dute, zine eta antzerki emanaldiekin. Filmetako sarrerak Aita Mari antzokian salduko dituzte, momentuan; antzerkietarako sarrerak, aldiz, aurrez hartu beharko dira turismo bulegoan.
Ipuin kontaketa saio bereziak ere antolatu ditu Udal Liburutegiak. Alondegiko Oxford aretoan egingo dituzte ipuin kontaketak. Josu Egaña liburuzainak azaldu duenez, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzako kontaketak izango dira, eta saio bakoitzean 30 haurreko muga egongo da. Goizeko 11:00etan izango dira lau saioak, eta aurrez izena eman beharko da haurliburutegia@zumaia.eus helbidera idatzita.
Halaber, aurtengoan ere Ingurumen Sailak “Kimikari” tailerrak antolatuko dituela aurreratu dute. Abenduaren 29an izango dira saioak, eta laster emango dituzte xehetasun gehiago.
Azkenik, Marina Bidasorok aurreratu duenez, aurtengoan Olentzeko eta Erregeen berri izango dute Zumaiako haurrek. Laster emango dituzte xehetasun gehiago.
Ikusi hemen ekitaldiak:
- Zinema haurrentzat abenduko asteburuetan
- Gabonetako goizetan ipuin kontaketak
- Gabonetan zinema haurrentzat
- Antzerkia: 'Olentzero kuttun', 'Botadun katua' (urtarrilak 3), 'Kotondarrak' (urtarrilak 24)
Osasun neurriak eta sarrerak
Romatetek ekitaldi horiek guztietan osasun neurriak mantenduko direla berretsi zuen. Zentzu berean, jakinarazi du aretoen kasuan neurri bereziak hartzen dituztela: saioak hasi aurretik aretoa aireztatzen dute, eta ekitaldia amaitzean gunea desinfektatu. Areto guztietan segurtasun distantziak mantentzen dituzte, eta herritarrek bete beharreko zenbait arau zehaztu.
Halaber, jende pilaketak saihesteko, zenbait ekitaldiren kasuan beharrezkoa da sarrera edo gonbidapena aurrez hartzea. Zine emanaldietaz izan ezik, sarrerak edo gonbidapenak turismo bulegoan hartu beharko dira, zehaztutako epean. Kasu batzuetan, izen-ematea e-posta bidez egin beharko da -haurren ipuin kontaketetan, adibidez-.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13
Kultura
- [BIDEOA] 20 sortzailetik gora aritu dira Migel Gutierrezen 'basoa.wav' proiektuan 2024/11/11
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16
- Udazkena bero dator Aita Mari antzokira 2024/09/20