LGTBIfobiaren aurkako egunaren harira, Zumaiako Udalaren adierazpena

2020/05/14

Maiatzaren 17a LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna izanik, Zumaiako Udalak adierazpen bateratua argitaratu du. Gainera, Berdintasun Sailak bi solasaldi birtual antolatu ditu, Zumaian LGTBI kolektiboarekin egiten ari den lanketaren baitan.

30 urte dira, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela. Hala, maiatzaren 17a lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualentzat aldarrikapen eguna bihurtu da.

Zumaiako Udalak adierazpen bateratua argitaratu du LGTBIfobiaren aurkako egunaren harira. Konfinamendu egoerak LGTBI pertsona ugarirengan duen eragin negatiboa azpimarratu dute manifestuan, eta LGTBI kolektiboaren eskubideak bermatzeko politikak eta jendartearen ikuspegia eraldatzeko tresnak martxan jarriko dituztela adierazi dute; "helburua da, LGTBI fobiarik gabeko herri bat eraikitzeaz harago, sexu aukera eta identitateak modu askean bizi eta garatuko dituen jendartea eraikitzea".

Horrez gain, Udaleko Berdintasun Saila LGTBI kolektiboarekin egiten ari den lanketaren baitan, bi solasaldi prestatu dituzte.

Gaur, hilak 14, arratsaldeko 18:00etan Eihera kooperatibako Iñigo Etxezarreta eta Kattalin Miner kideek Loratuz Lotu trans helduen elkarteko Brayan Altimasberes eta Mash Elizalderekin izandako solasaldia egongo da ikusgai Estalapean.

Asteartean, maiatzaren 19an, Zumaiako errealitateari helduko diote Eiherako kideek; Aitor Ibarguren eta Libe Osa Zumaiako Amalgamak taldeko kideak, eta Imanol Ossa Bartzelonan bizi den zumaiarra izango dira bigarren saioko protagonistak.

Maiatzaren 17ko MANIFESTUA. LGTBIFOBIAREN AURKAKO EGUNA

30 urte dira, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela. Ordutik, maiatzaren 17ak oso balio esanguratsua du lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualentzat, kolektibo horrek gaur egun aurre egin behar dion diskriminazioaren aurkako eta eskubideen aldeko jardueren ardatz katalizatzailea da eta.

Krisi egoera honetan, ezin izango da kalera irten eskubideak aldarrikatzera, baina berdin jarraituko dugu salatzen sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak sortarazten dituen erasoak. Eraso horiek gure inguruan eta 70 estatutan baino gehiagotan gertatzen dira; izan ere, ILGA txostenaren arabera, sexu orientazioa kriminalizatzen da, eta horrek esan nahi du ehunka biktima hil direla, gay, lesbiana, bisexual eta transexualak izateagatik.

Konfinamendu egoera honek, gainera, LGTBI pertsona askorengan inpaktu negatiboa izango du: indarkeria eta estres psikologikoko egoerak, transen trantsizio prozesuak jarraitzeko zailtasuna, segurtasun sare eta espazio seguruen falta, lan jazarpena edo kaleratzeari beldur handiagoa, tratamendu medikoak eskuratzeko zailtasunak. Oro har, presioa eta estres emozionala areagotzea ekarriko du, kolektibo minoritario batekoa izateagatik, bizitza pribatua ezkutatu behar izateagatik, armairura itzuli behar izateagatik, askotan lehendik ere prekarioa zen lana galtzeko beldurragatik, etab.

Politika egokiak eta baliabide nahikoak bermatu beharko ditugu (murrizketa oro baztertuz) LGTBI pertsonen premiei erantzuteko, ez bakarrik krisiaren ondorio negatiboak iraultzeko, baizik eta hainbeste sufrimendu eta diskriminazio zekartzan aurreko egoera gainditzeko.

Horretarako, erakunde publiko eta gizarte eragile guztien konpromisoa ezinbestekoa da. Gure lan agendetan LGTBI kolektiboarekiko konpromiso esplizituak hartu behar ditugu, oraindik indarrean dauden diskriminazio planoen aurkako borrokan aurrera egin dezagun.

Zumaiako Udalak bide horretan lan egiteko konpromisoa hartzen du. Horretarako, LGTBI kolektiboaren eskubideak bermatzeko politikak eta jendartearen ikuspegia eraldatzeko tresnak martxan jarriko ditugu. Helburua da, LGTBI fobiarik gabeko herri bat eraikitzeaz harago, sexu aukera eta identitateak modu askean bizi eta garatuko dituen jendartea eraikitzea.