Martxan da Mintzalagun programa

2022/09/26

Egitasmoak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, alegia) euskara ikasten ari direnekin (bidelariak) elkartzen ditu, astean ordubetez, euskaraz aritu daitezen. Euskara doan eta zure denbora librean praktikatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Mintzalagun ekimena aukera ezin hobea da euskara praktikatu nahi, baina norekin egin ez dutenentzat. Aldi berean, oso egitasmo interesgarria da euskaraz lagun berriak egin eta euskara ikasten ari direnei lagundu nahi dieten herritarrentzat.

Mintzalagun programa: zer da?

Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin, euskaldun berriekin) elkartzen ditu astean ordubetez, 3-4 pertsonako taldetxoetan, euskaraz hitz egin dezaten. Batzuek paseoak ematen dituzte; beste batzuek kafetxoa hartzen dute; bada pintxo-poteaz gozatzen dutenak ere... Zer lortzen dugu?

    • Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.

    • Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…

Eman izena

Zabalik da Mintzalagun programan parte hartzeko izen-ematea. Honako telefono eta helbide hauetara jo dezakezue argibideak jasotzeko eta izena emateko:

    • Urola Kostako AEK euskaltegiak; Zarauzko Udal Euskaltegia

    • Telefonoz: 625 485 215

    • Emailez: urolakosta@aek.eus

    • http://emanizena.praktikatu.eus/

Aurrez aurre aritzeko aukeraz gain, urriaren amaieran ONLINE taldeetan parte hartzeko aukera erezabalduko dugu.

Horretaz gain, tarteka, aparteko jarduera osagarriak ere antolatuko ditugu: hitzaldiak, txangoak, irakurtzale-klubak...

Parte hartzea DOHAINIK da, eta hamaika abantaila daude: deskontuak, opariak... 👌 Gainera, izena ematen duzuenon artean hilero-hilero 10 SARI-KUTXA 🎁 zozketatuko ditugu.

13 urteko ibilbide oparoa

Urola Kostan 2009an ekin zitzaion Mintzalagun Programari eta, harrezkero, ibilbide emankorra izan du egitasmoak. Izan ere, bilakaera ona izan du eta parte-hartzaile kopuruak gora egin du. Iaz, adibidez, 106 mintzakide aritu ziren hitz eta pitz. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.