Martxan dago Elkarlan Gunea, ekintzaileen eta proiektu kolektiboen topalekua
Elkarlan Gunean parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, info@alberga.eus e-mailera idatzita, edota harrera ordutegian bertara joanda.
Ekonomia sozial eta eraldatzailea oinarri, lan arloko proiektuak zein ekimen sozialak bultzatuko dituzte Elkarlan Gunetik. Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara bitartean erabili ahal izango dute espazioa erabiltzaileek, eta aurrez aurreko arretarako harrera ordutegi bat ere zehaztu dute. Joan den ostegunean aurkeztu zuten ekimena Miren Osa eta Maddi Uranga Alberga elkarteko kideek, eta bertan izan ziren, besteak beste, Iñaki Ostolaza alkatea eta Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko presidentea, baita Zumaiako zenbait proiektu kolektibotako ordezkariak ere.
↑ Proiektuari buruzuko aurkezpena (PDF)
Alberga elkarteak kudeatuko du espazioa, Zumaiako Udalarekin elkarlanean, eta bi funtzio nagusi garatuko dituzte bertan: batetik, lan-arloko proiektuak eta ekintzailetza soziala garatzeko coworking erako gune bat izango da, norbanakoentzat zein taldeentzat; eta, bestetik, proiektu kolektibo eta sozialak sustatzeko erreferentziazko gunea izango da. Hiru gune izango ditu Elkarlan Guneak: geletako bat, lan egiteko egokitu dute; sarrerako gunea ere izango dute, office moduan erabiltzeko; hirugarren gunea erabilera anitzekoa izango da, bilerak eta formazioak egiteko, besteak beste.
Maddi Urangaren esanetan honakoak dira Elkarlan Gunean landu nahi dituzten ildoak: ekonomia sozialean oinarritutako proiektuak abian jartzeko espazioa eskaintzea; ekintzailetza komunitarioari bide eman eta herrian sustraituko diren ekimenak martxan jartzea; eragileen arteko sareak indartzea; ikuspegi publiko-komunitarioa eta herri izaera lantzea; eta, ekimen kolektiboak martxan jartzeko eta eragiletza aktibatzeko klabe eta elementuen gainean gogoeta sustatzea. Helburu horiei erantzuteko, Elkarlan Gunea koordinatzeaz gain, Alberga elkarteak bestelako ekimenak ere bultzatuko ditu: hitzaldiak eskainiko dituzte, baita formazio saio espezifikoak ere. Gainera, aurreratu dutenez, 2023/2024 ikasturtean hiru gai konkretu landuko dituzte: energia, zaintza eta elikadura.
Herritar eta proiektu guztientzat zabalik, denbora-bankua oinarri
Elkarlan Gunea herritar eta proiektu guztientzat zabalik dago, hala nola: ekintzaileak, freelanceak, autonomoak, GKEak, elkarteak, ikasleak, eratutako enpresak... Oro har enpresa-ideiaren bat edo gizarte-ideiaren bat duten eta proiektu baten bidez gauzatu nahi duten pertsona fisiko guztiak daude proiektura gonbidatuta, eta halaber, proiektu estrategiko sortu berri bat abian jarri nahi duten enpresa guztiak. Erabiltzaileek astelehenetik ostiralera erabili ahal izango dute gunea, 09:00etatik 20:00etara bitartean; erabiltzaile kopuruaren arabera, ordutegia banatu egingo dute.
Baldintza bakar bat bete beharko dute partaideek: denbora-bankuan parte hartzea. Horrek esan nahi du lankidetza eta gizarteari laguntzea funtsezko baldintzak izango direla parte hartzen duten proiektu guztientzat. Adibidez, autonomo batek diru-kontuak eramaten badaki, elkarte bati lagundu diezaioke haren diru-kontuak erameten; edota, ikus-entzunezkoetan aritzen bada, egin dezake ekarpena Alberga elkarteak sustatzen dituen ekimenen zabalpenean. Horrenbestez, interkooperazioa eta trukea izango dira gune honen zutabeak.
Izen ematea
Elkarlan gunean izena eman nahi duen elkarte, talde nahiz norbanakoek bi bide izango dituzte izena emateko:
-
Herritarrentzat aurreikusten den harreta zerbitzuko ordutegian elkarlan gunera bertaratuta. Ordutegia honakoa da: asteazkenetan, arratsaldez, 16:00-20:00. Ostiraletan, berriz, goizez, 10:00-14:00
-
Mezu bat bidaliz elkarlan gunean erabiltzaile gisa izena eman nahi dela adieraziz: info@alberga.eus helbidera.
Bi urteko ibilbidearen emaitza
Elkarlangunea orain zabalduko den arren, proiektuaren sustraiak 2022an zehar garatu zen ZKOOP egitasmoan daude. Zumaiako Udalaren eta Olatukoop sarearen arteko lankidetzarekin, ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruko lanketa abiatu zen orduan. Egitasmo hori mugarri garrantzitsua izan zen, zenbait herritar eta ordezkari politikok ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruko formakuntza eta prestakuntza jaso baitzuten.
Formakuntza-fasea amaituta, Olatukoopeko kideek laguntza eman zieten garatzen ari ziren bi proiektu kooperatibori. Aldi berean, Zumaian, pertsona talde bat Alberga elkartea sortzeko prozesuan murgildu zen. Proiektu hau amaitzeko, Zumaiako Udalak eta Alberga elkarteak hitzarmen bat sinatu dute, eta horrek baitan, ekonomia sozialean oinarritutako elkarlangunea edo coworking zentroa zabalduko da.
Albiste erlazionatuak
ZKOOP
Elkarlan Gunea
Tokiko ekonomia
- Udako Azoka Ekologikoa hilaren 30ean iritsiko da Zumaiara 2024/08/23
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, udaberriarekin batera herriko saltokiak loratzeko 2024/05/08
- Sanpedroetako artisau azokan parte hartzeko deia zumaiarrei 2024/04/18
- Utopien Herri Birak geldialdia egingo du Zumaian datorren astelehenean 2024/02/15
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04