Musika Jaialdiaren balorazio positiboa egin du Udalak
Amaitu da Zumaiako 35. Musika Jaialdia. Uztailaren 30tik abuztuaren 11a bitarte musikaz bete dira herriko txokoak. Egitarauan gora behera batzuek egon arren, jende andana hurbildu da emanaldietan. Abuztuaren 11erako aurreikusita zegoen Kantu Kontari ikuskizuna igande honetan izango da, antolakuntza arazoak medio, ezin izan baitzen egunean bertan egin.
35. Musika Jaialdia edizio arrakastatsua izan dela azpimarratu du Zumaiako Udalak. Eguraldiak eta Donostiako Hamabostaldiko barne antolaketak egitaraua behar bezala betetzea baldintzatu badute ere, oro har, publikoak oso ondo erantzun du eta musikariek maila handia erakutsi dute oholtza gainean; abuztuaren 1ean Aitzurin egin zen Doinu zahar, Kantu berri ikuskizunean 350 lagun baino gehiago bildu ziren, besteak beste.
Sapere Aude Sinfonietta bezalako ikuskizunak bertatik bertara ikusteko aukera paregabea izan da Musika Jaialdia. Osasun arazoak medio, Fernando Velázquez zuzendariak huts egin bazuen ere, Ruben Diezek maisuki ordezkatu zuen, sekulako maila eskainiz entzuleei.
Herriko ohiko eszenatokietara eta ez hain ohikoetara igo dira musikariak bi astez. Aitzuriko frontoia, Zumaienako areto nagusia, Oxford aretoa, Mari kalea edo parrokia estilo anitzetako musika topaleku bilakatu dira. San Pedro parrokian, esaterako, azken urteetako ikusle kopururik handia bildu zen abuztuaren 7an, Uxia Martinez, Aitzol Iturriagagotia, David Apellaniz eta Luis Fernando Perez musikarien lanaz gozatzeko. Biharamunean ere, abuztuaren 8an, Alboka taldearen Folck doinuek goraino bete zuten Mari kalea, giro aparta sortuz herritarren eta musikarien artean.
Musikak ez ezik, dantzak ere izan du tokia Musika Jaialdian. Odieta dantza garaikidearen plaza bilakatu da azken urteetan. Bi bikote izan dira aurten, bina lan labur eskaintzen; LaRutan eta Amaia Elizaran taldeak. Batzuentzat ausartegiak izan baziren ere, beste askok gozatu ederra hartu duten hainbat sari jaso dituzten lanekin.
Abuztuaren 11ean haurrentzat zuzendua zegoen Kantu Kontari ikuskizuna igande honetan egingo da, antolakuntza arazoak tarteko, ez baitzen emanaldirik egon pasa den igandean. Arratsaldean, ordea, Musika Jaialdiari amaiera emateko, Trizak taldeak kontzertu ederra eskaini zuen Oxford aretoan, maila altuarekin borobilduz 35. Musika Jaialdia.
Albiste erlazionatuak
Festak
- Suziri eta petardoekin kontuz eta arduraz ibiltzea eskatzen die Udalak herritarrei 2025/12/05
- Olarro Eguneko argazki rallya antolatu dute beste urte batez Zumaiako Udalak eta Distira elkarteak 2025/08/13
- Olarro Egunean lan egiteko herriko elkarteei deialdia 2025/08/05
- Sanpedroetan kontutan hartu beharrekoak: Gozategiren kontzertuaren eragina trafikoan, su artifizialak... 2025/06/24
Kultura
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian 2025/12/01
- Banatu dituzte Julene Azpeitia 38. ipuin lehiaketako sariak 2025/11/25
- Hemen da berriro Euskararen Astea 2025/11/21



