Ostegun honetan jarriko dira salgai Olarro Eguneko herri bazkariko txartelak, kamisetak eta zapiak
Irailaren 23an izango da 2023ko Olarro Eguna, eta dagoeneko ikusgai dago programa osoa. Herri bazkariko txartelak, eta, kamiseta eta zapiak, bihartik aurrera erosi ahal izango dira turismo bulegoan.
Olagarroa, gastronomia eta itsas munduaren festa izango da Zumaian irailaren 23an. Olagarro-brotxetak eta olagarro zopa dastatzeko aukera izango da txosnetan, herri bazkaria izango da eguerdian, eta egun osoan zehar musika, dantza eta festa giroa izango dira nagusi.
Goizean elikagaien azoka izango da Erribera kalean, eta, Argazki Rallya herri osoan zehar. Haurrei zuzendutako tailer eta jolasak ere antolatu dituzte, eta Kofradiako arrainen salmenta aretoa ezagutzeko aukera izango da 11:00etatik 14:00etara bitartean. Bestalde, arratsaldean, Flyscheko olagarroa bisita gidatuak eskainiko dituzte. Zumaiako Udalak herriko elkarteen ekarpenari balioa eman nahi dio, eta horiek gabe Olarro Eguna ezinezkoa izango litzatekeela nabarmendu du.
Azken urteotan bezala, txosnetan erabiliko diren ontzi eta tresna guztiak konpostagarriak izango dira. Halako festa egunetan sortzen dugun hondakin kopurua murrizteko neurriak hartzea beharrezkoa da, eta, baita sortzen direnean birziklagarriak edo konpostagarriak izatea. Neurriak hartzearekin batera, herritarren kontzientziazioa sustatu nahi du Udalak, eta hondakinak behar bezala banatzeko eskatu die.
Azkenik, festak guztiontzako espazio atsegin eta seguruak izan daitezen, eraso eta jarrera matxisten aurkako jarrera hartzera deitu nahi ditu Udalak herritarrak. Horrekin batera, festaz ingurukoekiko zein inguruarekiko errespetuarekin gozatzeko deia egin nahi du Udalak. Azkenik, kontsumo arduratsurako deia egiten die herritar guztiei.
Herri bazkariko txartelak, kamisetak eta zapiak
Bihartik aurrera (irailak 14) turismo bulegoan salgai egongo dira Olarro Eguneko herri txartelak, kamisetak eta zapiak. Herri bazkariko txartelen prezioa 9 eurokoa da helduentzat; eta 6 eurokoa haurrentzat. Kamisetek 9 euro balio dute, eta zapiek euro bat.
Olarro zopa, Zumaiako ondarea
Aurtengo Olarro Egunaren egitarauaren barruan olagarro lehorra eta olarro zopa ondare moduan aurkezteko ekitaldiak ere antolatu ditu Udalak. Horiek horrela, Alondegiko sarreran Javier Carballo argazkilariak prestatutako erakusketa egongo da ikusgai irailaren 21etik urriaren 8ra bitartean.
Gainera, irailaren 21ean (osteguna), mahai-ingurua izango da Oxford aretoan: Inazio Manterola biologiaren ikuspegitik arituko da; Mari Carmen Eizagirre, Jose Maria Sacristan eta Martin Etxabek olagarroa hartzeko erak aurkeztuko dituzte; eta Ibon Uranga sukaldean olagarroa prestatzeko modu desberdinez ariko da.
Azkenik, urriaren 1ean (igandea) zumaiarrentzat prestatutako Flyscheko olagarroa irteera egongo da. Izen-ematea geoparkea.eus webgunean egin beharko da.
Kostaldeko herri gehienetan olagarroaren ustiaketa orokorra izan da historian zehar, baina apurka-apurka galtzen joan da. Apenas ikus daiteke olagarro-harrapatzaile eta lehortzailerik egun, eta jarduera bitxi bilakatu da. Bada, ordea, olagarro-arrantzan eta lehorketan jarraitzen duen kostaldeko herri bat: Zumaia. Bertan, olagarro-arrantza eta lehorketa helduengandik gazteengana pasa den tradizioa da: transmisio horren bitartez, bizirik irautea lortu du jarduera zahar honek. Eta bertako gastronomian ere utzi du arrastoa: Zumaian bakarrik jan daiteke olarro zopa.