Urtarrilaren 12an zabalduko da Torreagako BOE etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea

2026/01/09

Urtarrilaren 12tik 30era bitartean egongo zabalik etxebizitzen zozketan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea. Egoitza elektronikoaren bidez edo udaletxean bertan presentzialki egin beharko dute eskaera.

Iritsi da Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan izena emateko epea: urtarrilaren 12tik 30era bitartean egongo da zabalik, eta eskaera udaletxean aurkeztu beharko da, presentzialki edo egoitza elektronikoaren bidez [beherago xehetasun guztiak]. Gaur bertan argitaratu da izen-ematearen inguruko deialdia, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Guztira 46 etxebizitza zozketatuko dituzte. Horietatik 43 kupo orokorrekoak dira (12 hiru logelakoak eta 31 bi logelakoak), eta 3 etxebizitza egokituak (bi logelakoak), mugikortasun urriko pertsonentzat gordetakoak. Etxebizitza guztiek garajea izango dute, eta batzuek trasteroa ere bai. Prezioak 180.000 eta 230.000 euro artekoak (BEZ barne) izango dira, eta pertsona bakoitzak prozeduraren baitan esleitutako etxebizitza konkretu hori erosteko aukera izango du.

> Oinarriak (GAO)
> Izen-emate deialdia (GAO)
> Etxebizitzen ezaugarriak (Sukia)

NOLA EGIN ZOZKETAN PARTE HARTZEKO ESKAERA?

Zozketan parte hartu nahi duten herritarrek eskaera eredu ofiziala aurkeztu beharko dute udaletxean. Hona hemen kontutan hartu beharrekoak:

> Eskaera aurkezteko epea: urtarrilak 12-30 (biak barne)
Eskaera eredu ofiziala aurkeztu beharko da

Bi bide izango dituzte horretarako:

> Eskaera udaletxean aurkeztea, presentzialki
> Eskaera online aurkeztea, egoitza elektronikoaren bidez

Eskaera orrian datu gutxi batzuk bete beharko dituzte herritarrek:

  • Etxebideko erregistro zenbakia
  • Titularraren (edo, titularren) izen-abizenak eta NAN zenbakia
  • Sinadura eta sinadura data
  • Etxebizitza egokitua eskatzen den kasuetan, horretarako prestatutako karratua markatu beharko dute. Gainera, mugikortasun urri iraunkorra duela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko du, oinarrietan jasotako gutxieneko puntu edo portzentaiak jasotzen dituena.

OHAR GARRANTZITSUAK:

  • Eskaera orriarekin batera erantzukizunpeko adierazpena sinatzen du eskatzaileak; horren bidez, eskatzaileak adierazten du baldintza guztiak betetzen dituela.
  • Eskatzaileak behin betiko zerrendan onartu moduan agertzean ez du egiaztatzen honakoak oinarrietan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituenik. Horiek horrela, etxebizitzak behin betikoz esleitu aurretik dokumentazio guztia aurkeztu beharko du behin behineko esleipendunak.

Zumaiako Udalak nabarmendu nahi du tramitazioa online egitea oso sinplea dela, eta horretara gonbidatzen ditu herritarrak. Edozein kasutan, zalantzarik izanez gero, 943 86 50 25 zenbakira deitu edo etxebizitzabulegoa@zumaia.eus helbidera idatz dezakete.

ZOZKETAN PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Etxebizitza bat eskuratzeko, zozketan parte hartzeko izen-ematea egiteaz gain, ezinbestekao izango da zenbait baldintza betetzea. Honakoak, zehazki:

a) Baldintza personalak:

  1. Adin nagusikoa edo adingabeko emantzipatua izatea
  2. Etxebideko Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan eskaera behar den moduan aurkeztua izatea, Zumaian erosketa erregimenean babes ofizialeko etxebizitza eskatzaile gisa, 2025eko irailaren 19an.

b) Erroldatze baldintzak:

  • Zumaiako udalerrian erroldatuta egotea, 2025eko irailaren 19aren aurreko azken 10 urteetan gutxienez 5 urtez,
  • edo Zumaiako udalerrian erroldatuta egotea 2025eko irailaren 19aren aurreko gutxienez 2 urteetan eta etenik gabe.

Eskaeran titular bat baino gehiago baldin badago, nahikoa da horietako batek erroldatzeari dagokion baldintza betetzea.

c) Baldintza ekonomikoak:

  • Gehienezko diru sarrera haztatuak 45.022,57 € / gutxienekoak 12.000 €
  • Mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonen kasuan edo adimen-desgaitasuna onartuta duten pertsonen kasuan, nahikoa izango da 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea
  • Diru-sarreren zenbatekoa egiaztatzeko 2024ko ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan aitortutakoak hartuko dira kontuan

d) Etxebizitza premia:

  • Bizikidetza unitatea osatzen duten pertsonetako batek ere ezin izango du etxebizitzarik eduki jabetzan, jabetza soilean, azalera-eskubidean edo gozamenean (salbuespenak salbu)

Etxebizitza egokituen kupoan parte hartzeko baldintza berezituak:

  • Etxebizitza egokituen kupoan parte hartzeko ezinbestekoa izango da mugikortasun urri iraunkorra izatea
  • Mugikortasun urri iraunkorra duela kontsideratuko da, desgaitasun-maila onartu, aitortu edo sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A edo B letrekin kalifikatuta dagoen desgaitasun bat duten pertsonak, edo 7 puntu edo gehiago eskuratzeko dituztenak Dtik Hrako letretan ezarritakoak batuz, eskumen duen foru-aldundi edo administrazioak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatzen badute.
  • Era berean, foru-aldundi edo administrazioak emandako ziurtagiriak portzentaietan adierazten badu mugikortasun urritasuna, 888/2022 Errege Dekretua hartuko da kontuan. Eta hala, mugikortasun urriko % 25eko gutxieneko desgaitasuna izan beharko da.

HURRENGO PAUSOAK

Izen-emate epea amaitu ondoren, behin-behineko onartu eta baztertuen zerrendak argitaratuko dira, eta interesdunek 10 eguneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko.

Ondoren, behin betiko zerrendak argitaratuko dira, eta horietan jasoko dira parte-hartzaileei ausaz esleitutako zenbakiak. Zerrenda horiekin batera, zozketa zein egunetan, ordutan eta tokitan egingo den ere jakinaraziko da.

Zozketan, bizikidetza-unitatearen ezaugarriaren arabera, zenbaki bat edo gehiago izango dituzte hautagaiek:

  • Pertsona bakar batek osatutako bizikidetza unitateak: zenbaki bat.
  • Bi pertsonak osatutako bizikidetza unitateak: bi zenbaki.
  • Hiru pertsonak edo gehiagok osatutako bizkidetza unitateak: hiru zenbaki.