San Jose kaleko bizilagunen ekarpenak jaso dituzte udal ordezkariek

2019/09/05

San Jose kaleko igogailuaren erabilera zehazteko ekarpenak jaso, eta auzokideen iritzi eta kexak entzun dituzte alkateak eta zinegotziek.

Iñaki Ostolaza alkatea, eta Maider Alberdi, Alex Oliden eta Joxe Mari Azkue zinegotziak bildu ziren San Joseko bizilagunekin. Bi helburu zituen hitzorduak: igogailu berriaren erabilera zehaztea eta auzokideen ekarpen eta kexen berri izatea.

Auzokideekin berriz biltzeko konpromiso adierazi zuten udal ordezkariek, herritarrekin batera San Jose auzoa hobetzeko hartu daitezkeen neurriak aztertzeko.


Igogailu berriaren erabilera

Genero ikuspegitik San Jose kaleko igogailuak dituen hutsuneak hobetzeko, Zumaiako Udalak, igogailuaren beheko aldearen erabileraren inguruko proposamena egin zien bizilagunei. Maider Alberdi berdintasun zinegotziak azaldu zuenez, puntu ilun moduan identifikatu dute igogailuaren beheko aldea,  Arrua Kalean dagoena. Arazo horri irtenbidea emateko eremu horretan ispiluak jarri eta argitasunari dagokionez neurri bereziak hartuko dira.

Kezka horretatik abiatuta, igogailu berriaren erabileraren inguruko aukera desberdinak azaldu zituzten udal ordezkariek.

Auzokideen kexak entzuten

Hitzorduak San Jose auzoko hutsuneen berri izateko balio izan zuen. Irisgarritasun arazo handiak daudela salatu zuten hainbat bizilagunek. Herritarren ekarpen eta kexak jaso ostean, “horiek landu” eta auzokideen batera arazoak konpontzen hasteko hartzeko bidea abiatuko dela adierazi zuen Iñaki Ostolaza alkateak.

Zentzu horretan, Udal Gobernu berriko kideek auzokideekin berriz biltzeko konpromisoa adierazi zuten, "herritarren behar eta arazoei konponbidea emateko herritarrak entzun eta herritarrekin batera lan egitearen balioa" nabarmenduz.