Zumaiako trenbide-azpiegituran 15 milioi euroko inbertsioa egingo du Mugikortasun Jasangarrirako Sailak, eta Estazio inguruan hobekuntza ugari Udalak
Eusko Jaurlaritzaren inbertsioak tren geltokiaren eraberritzea, kotxetegi berrien eraikuntza eta trenzubiaren erreforma barnebiltzen ditu. Horrekin batera, asko dira Zumaiako Udalak geltoki inguruan eta Estazio kalean egin dituen lanak: ur hodi nagusia eraberritzea, oinezkoen bideak hobetzea, bizikletentzako aparkaleku estalia sortzea, eta, skate parke berria eraikitzea.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailak 15 milioi euro inbertituko ditu Zumalako trenbide-azplegituretan. Kopururik handiena Euskotrenen unitateentzako kotxetegiak eraikitzeko esleipenari dagokio, 7,6 milioi euroko balioarekin eta 20 hilabeteko egikaritze-epearekin. Lanak negu honetan hasiko dira.
Lan horiek bat egingo dute Zumaiako geltokian gaur egun egiten ari diren eta 1,2 milioi euroko aurrekontua duten eraberritze-lanen azken txanparekin. Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak tokian bertan egiaztatu dute lanek aurrera egin dutela. Lanen helburu nagusia irisgarritasuna hobetzea da. Trenzubiko lanak ere bisitatu dituzte; azpiegituraren erreforma lanak amaituta daude dagoeneko, eta hurrengo asteetan bidea zabaltzea aurreikusten dute.
Zumaiako alkate Iñaki Ostolazaren hitzetan, "obra hauek Zumaiarentzat ekarpen handia dira, eta Udalak lantzen ari den Mugikortasun Jasangarrirako Planarekin bat egiten dute. Horrela, Zumaiak mugikortasun eredu jasangarriago eta irisgarriago bat izatera egingo du jauzi". Mugikortasun Jasangarrirako Planaren helburu nagusiak dira autoen erabilera murriztea, bizikleten erabilera erraztea, eta, oinezkoei lehentasuna eta erraztasunak ematea.
Horrez gain, ETSri eskatu dio Zumaia beste herriekin lotzen duten trenen ordutegiak hobetzen jarrai dezan, asteburuetan ordu beteko maiztasunak dituztelako gaur egun; "mugikortasun jasangarria sustatu nahi badugu, herritarrei erraztasunak ematea beharrezkoa da", azaldu du.
Trenbide-azpiegituren eraberritzea
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailak eta ETSk 15 milioi euroko inbertsioa egingo dute Zumaiako trenbide-azpiegiturak modernizatzeko, tren zerbitzua eta inguruko azpiegiturak hobetzeko. Egindako lan nagusiak:
- Kotxetegi berriak: 2.000 metro koadroko azalera hartuko duten instalazioak eraikiko dira tren unitateak gordetzeko eta mantentzeko.
- Geltokiaren irisgarritasuna hobetzea: Igogailu berriak, beheko pasabidearen zabalkuntza eta segurtasun-neurrien indartzea.
- Urola ibaiaren gaineko zubiaren eraberritzea: 5 milioi euroko inbertsioa egitura sendotzeko eta ondare industriala mantentzeko.
- Zubi inguruko hobekuntzak: Udalarekin elkarlanean, trenbide azpiegituraren inguruko lurzoruaren egonkortze-lanak burutu dira, trenbidearen segurtasuna bermatzeko.
Zumaiako Udalaren ekimenak: estazio inguruko berrurbanizazioa eta inbertsioak
Zumaiako Udalak geltokiaren inguruan hainbat hobekuntza lan burutuko ditu, herritarren eguneroko joan-etorriak errazteko eta ingurunea irisgarriagoa egiteko. Proiektuaren helburua mugikortasun jasangarria bultzatzea eta geltoki ingurua zein Estazio kale osoa erosoago bihurtzea da. Horretarako, Estazio ingurua berrurbanizatzeko plana garatzen ari da Zumaiako Udala.
Honakoak dira dagoeneko eginda dauden eta epe laburrean egingo diren lanak:
- Oinezkoen eta bizikleten bide berriak: Estazio kalearen inguruan oinezkoentzat eta bizikletentzat bide seguruak sortzen jarraituko du Udalak.
- Bizikletentzako aparkaleku estalia: Bizikletentzako aparkaleku berria jarriko da geltoki inguruan, trenera bizikletan doazenei erraztasunak emate aldera.
- Skate parke berria: Estazio kalea berrurbanizatzeko planaren barruan, eta eremu horretan herritarrek erabiliko duten azpiegitura berri bat sortzea aukera egokia dela usteta, skate parke berria egingo du geltoki inguruan.
- Ur-hodi nagusiaren berritzea: 300.000 euroko inbertsioarekin, trenzubian dagoen ur hornidura-sarearen hodi nagusia berritu du Udalak, inguruko azpiegituren kalitatea eta zerbitzuaren eraginkortasuna bermatzeko.
Iñaki Ostolaza alkateak nabarmendu duenez, “lan hauekin, Zumaiako geltokiaren ingurua herritarren zerbitzura egongo da, eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua sendotuko dugu; eta, horrekin batera, Estazio kaleko bizilagunen egunerokoa hobetuko da”.
Albiste erlazionatuak
Mugikortasuna
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04