Udalekuak bertan behera uztea erabaki du Zumaiako Udalak

2020/05/26

Zumaiako Udalak bertan behera utzi ditu aurtengo uztailean egitekoak ziren HH2koen udazaintza zerbitzua eta Udaleku irekiak. Bizi dugun egoeran osasuna eta segurtasuna ezin direla bermatu ikusita, eta beste udal askok hartu duten bideari jarraiki bertan behera utzi beste aukerarik ez du ikusi Udalak.

Zumaiako Udalak 2020ko udalekuak eta HH2koen udazaintza zerbitzua bertan behera utzi ditu. Udaleku irekietan lan egin behar zuten begiraleen hautaketa prozesua ere bertan behera gelditu da, eta halaxe jakinarazi zaie zerrendan izena emandako guztiei bidalitako mezu baten bidez.

Udalekuetan eta udazaintza zerbitzuan 500 haur baino gehiago biltzen dira urtero, eta zerbitzu honek duen garrantziaz jabetuta, aukera guztiak aztertzen aritu da Udala. Azkenean, udalekuak bertan behera uztea erabaki du, osasun agintarien gomendioei jarraituz.

Hala eta guztiz ere, osasun eta segurtasun neurriak bermatu eta posible den neurrian, doako aisialdi jarduera puntualak aurrera eramateko aukerak aztertzen ari da Udala. Eta era berean, haur eta familia zaurgarrienak babesik gabe gelditu ez daitezen ere ahalegina egingo du Udalak.

Albiste erlazionatuak