Zumaiako Udalak 'Balenciaga ez itxi!' lelopean ostiralerako antolatutako manifestazioarekin bat egiten du

2024/11/26

Zumaiako Udalak bere babesa adierazi nahi die Balenciaga ontziolako langileei, eta bat egingo du ostiralean, 18:00etan, ontziolatik abiatuko den manifestazioarekin. Horrekin batera, zumaiar guztiei dei egiten die protestan parte hartzera.

Zumaiako Udalak, udal talde politiko guztien adostasunarekin, ostiral honetan egingo den Balenciaga ez itxi! manifestazioarekin bat egingo du. Ontziola ixteko arriskua dagoen egoera honetan, Udalak elkartasuna eta babesa adierazi nahi die enpresaren jarduera etetearen ondorioak zuzenean jasan ditzaketen langileei eta haien familiei.

Astelehen honetan bertan alkatea Balenciagako langile batzordeko ordezkariekin bildu zen egoeraren inguruko informazioa lehen eskutik jasotzeko. Langileei babesa adierazteaz gain, ontziolaren jarduera mantentzeko bere eskutan dagoena egiteko konpromisoa agertu zien. Bide horretan, bestelako erakundeekin harremanetan dago Zumaiako Udala.

Zumaiako Udalak Balenciaga ontziolaren jarduera garrantzi estrategikoa dela azpimarratu nahi du, ez bakarrik ekonomiari dagokionez, baita herriko nortasun eta ondare industrialari dagokionez ere. Horregatik, langileen etorkizuna jokoan dagoen une honetan, herritar guztiei dei egiten die ostiraleko manifestazioan parte hartzera.