Zumaiako Udalaren adierazpena Emakumeon Nazioarteko Egunaren harira

2021/03/08

Duela ia urtebete gure jendartea eta bizitzeko moduak astintzen zituen COVID19ak eragindako pandemiak, inoiz ez bezala. Krisi multidimentsional eta sistemiko bat bizi dugu, aurrekaririk gabekoa, lehendik zetozen beste krisi batzuekin gurutzatzen eta lotzen den krisia, hala nola krisi ekologikoa eta zaintzen krisiekin.

Pandemiak agerian utzi du gordinki feminismotik aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta dependientea, ekodepentientea eta interdependientiea da. Ezerk ez du bizitzaren zaintza baino garrantzitsuagoa izan behar, pandemiarekin muturreraino ahuldu eta prekarizatu den bizitza. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan, dagoeneko egiaztatuta baitago emakumeek eta neskek eragin negatiboagoa izan dutela krisi honetan, batez ere krisira zaurgarritasun edo diskriminazio handieneko egoeran sartu zirenentzat. 

Gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, erdigunean erreprodukzio sozial jasangarria jar dezaten politika publikoak behar ditugu. Eta orain, krisi honek desberdintasunak areagotzea eta emakumeen eskubideetan atzerapena eragin ez dezan, are premiazkoagoa da genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala txertatzen duten neurri feministak hartzea.

Hilabete hauetan genero-desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da: emakumeek beren gain hartu dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; lana galdu edo lan-baldintza are prekarizatuagoak ezarri dizkiete; birusa hartzeko arrisku handiagoa dute, genero-ikuspegiarekin ikertu gabe jarraitzen zuten bitartean; indarkeria matxista areagotu egin da, hari aurre egiteko baliabideak eta baldintza materialak mugatzen ziren bitartean; beste behar batzuk baztertu egin dira, hala nola sexu- eta ugalketa-osasuna edo osasun mentalarekin lotuak; parte-hartze soziopolitikorako aukera eta baldintzak galdu dituzte, etab.: azken batean, eta batez ere kolektibo zaurgarrienetako emakumeei dagokienez, pobretu dira zentzu guztietan, indarkeriaren aurrean babesgabeago daude, haien osasuna okertu egin da, zaintza-lanen zama handiagoa da...

Irtenbidea ez da pandemiaren aurreko egoerara itzultzea, emakume gehienek lehenago ere bizi baitzuten diskriminazioa eta eskubideen urraketa: orain da unea pandemian areagotutako larrialdiei erantzuna emateko, eta, aldi berean, guztiontzako bizitza duina bermatzea eta zaintzea lehentasuntzat joko duen antolaketa sozial, ekologiko eta ekonomikoko sistema bateranzko oinarri sendoak ezartzeko.

Publikotik krisi honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz. Horretarako, erakundeak koordinatu behar dira, eta bideak ireki herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten, batez ere emakume-talde anitzek eta mugimendu feministak. Behar bezala aurre egin behar diogu daukagun erantzukizun publiko handiari, eta hori premisa feministetatik egin behar da, artikulazioa eta parte-hartzea bultzatuz, plan eta programa eraldatzaileak eginez, larrialdiei arreta emanez eta behar diren baliabide guztiak ahalbidetuz.

Ez dago aitzakiarik: ez argazkirik ez adierazpen hutsik martxoaren 8aren atarian gaudelako. Egun honek udal honek politika publiko-komunitario feministekin duen konpromisoa berresteko balio behar du, krisiaren ondoriozko larrialdiei erantzuteko eta erdigunean bizitza zainduko duen gizarte-eredu baterantz joateko. 

Horregatik guztiagatik, Zumaiako Udalak honako hau erabaki du:

  1. Covid19aren ondorioak eta kolektibo eta pertsona ahulenen egoera eta beharren aurrean, ekintza eta neurri ezberdinak planteatzea.

  2. Gure herriko emakumeen ehun-soziala indartzea, premisa feministetatik eta ahalduntze-premisetatik.

  3. Emakume, nerabe eta nesken ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak bultzatzea.

  4. Tokiko zaintza sare komunitarioei babesa eta baliabideak ematea.

  5. Zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea.

  6. Premisa feministetatik abiatuta, zaintzei buruzko herri eztabaida sustatzea, askotariko kolektibo sozial, administrazioa eta gure udalerrian dauden beste sektore batzuk inplikatuz, eta zaintzen erantzunkidetasunerako tokiko itun bat bultzatzea.

  7. Harrera publiko-komunitarioko programak sustatzea iritsi berriak diren pertsonentzat, tokiko eragile sozialen parte-hartzearekin eta kolektibo ahulenei arreta berezia jarriz, genero-ikuspegia aplikatuz.