ZUMAIAN BAI herriko negozioen erakuslehio birtuala sortuko dute Udalak eta Gertuk
Ekainaren amaieran plataforma aktibo egotea espero dute. Proiektuan parte hartu nahi duten merkatari, ostalari zein zerbitzu-enpresetako kideek ekainaren 20ra bitartean egin beharko dute eskaera.
Zumaiako Udalak eta Gertu Zumaiako merkatari elkarteak hitzarmena sinatu dute, tokiko merkataritza sustatzeko jarduerak laguntzeko. Elementu garrantzitsu bat aurreikusten da akordio horretan: plataforma digital baten sorrera. Hala, Dendartean Gipuzkoako Merkatari eta Ostalarien elkartearekin lankidetzan, online plataforma bat sortuko dute Zumaian. Zumaian BAI deituko da aplikazioa, eta herriko komertzio, erakuslehio eta zerbitzu enpresa txikien erakuslehio birtuala izateko balioko du. Plataforma honi esker Zumaiako saltokiek beren negozioan interneten ikusgai jarri ahal izango dituzte.
Zumaiako merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-enpresa guztien informazioa bilduko duen plataforma bat izango da. Herritarrek, enpresen informazioa erakusteaz gain, online erosketak egiteko atal bat edukiko dute eskura. Gainera, sektore horietako kideek online munduan aritzeko formakuntza pertsonalizatua jaso ahal izango dute, digitalizazio prozesuan laguntzeko. Gertu elkarteko kideak ez direnek ere plataforma baliatu ahal izango dute.
Pandemiak gogor jo ditu tokiko jardeura ekonomikoak. Hori horrela izanik, Zumaiako Udalak ezohiko neurriak jarri ditu martxan azken urtean. Besteak beste, ErrotaHerria kanpainaren baitan 150.000 euro bideratu zituen bertako ekonomia suspertzeko bonoetara.
Aurtengoan, 90.000 euro barnebiltzen dituen hitzarmena sinatu dute Udalak eta Gertu elkarteak. Helburu nagusiak dira saltoki txikiei bultzada ematea, eta COVID-19ak sektorean eragin dituen kalteak arintzea. Hitzarmenaren baitan, zenbait ekintza konkretu aurreikusi dituzte: online plataforma sortzea, erosketa bonoen kanpaina berria, eta bestelako kontzientziazio ekimenak.
Izen-emateak
Plataforma erabiltzeko interesa duten merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-enpresetako arduradunek eskaera egin beharko dute. Dagoeneko 100dik gora enpresaren datuak bildu dituzte, eta ekainaren 20ra bitartean beste hamarnaka eskaera kudeatzea aurreikusten dute.
Sustatzaileek nabarmendu dute Gertu elkarteko kideak ez direnek ere plataforma erabili ahal izango dutela.
Parte hartu nahi dutenek, izen-emate orria bete, eta zumaiaelkartea@gmail.com helbidera bidali beharko dute. Turismo bulegoan ere aurkeztu ahal izango da orria, aurrez aurre. Gainera, horretarako zailtasunak dituztenek, izen-emate orria turismo bulegoan bertan ere bete ahal izango dute.
IZEN-EMATE ORRIA
>> Izen-emate orria zumaiaelkartea@gmail.com helbidera bidali edo turismo bulegoan entregatu beharko da
>> Epea: ekainak 20
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
Merkataritza
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, herriko saltokiak indartzeko 2024/10/29
- Merkataritza lokalak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzeko dirulaguntza eskatzeko epea zabalik, urriak 11 arte 2024/09/27
- Dendari, tabernari eta elkarte gastronomikoetako kideekin bilduko da Egutera energia kooperatiba ostegun honetan 2024/06/11
- Erribera kaleko zamalanen ordutegia doitu egin da ikasleen segurtasunari lehentasuna emateko 2024/05/10
ErrotaHerria
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, herriko saltokiak indartzeko 2024/10/29
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, udaberriarekin batera herriko saltokiak loratzeko 2024/05/08
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, herriko saltokiak indartzeko 2023/11/13
- Merkatariei zuzenduriko bigarren bilera bat deitu du Udalak, Merkataritza arloko Plangintza Estrategikoa osatzeko 2023/01/10