San Telmo ermita; azaleramendu geologiko itzel baten zaindaria

2025/07/15

Itzurun hondartzaren gaineko labarren ertzean, itsasora erotzeko zorian balego bezala kokatzen da San Telmo ermita.

Historia aberatsa du, XVI. mendekoa, izan ere, idatzizko lehen erreferentziak 1540koak dira.

Han goian, 45 metro inguruko altueran, San Telmoko ermitak magia eta mistika uztartzen ditu, Zumaiako paisaian distira berezia eginez. Herriko ikono nabarmenena da; hainbat eta hainbat argazki eta telebista saioetan ikusiko zenuen. Izan ere, merezi du metro horiek igotzea, bertan izango duzun ikuspegiak zur eta lur utziko zaitu.

Baina hortik haratago, paisaia ikusgarriaren gainetik, ermita kokatzen den lekua da berezia. Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean gune interesgarrienetakoa den Itzurun-Algorri eremuko azaleratze geologikoa ikusteko leku estrategikoa da. Izan ere, Golden spike edo Urrezko iltzeak daude bertan. Zer diren ba al dakizu? Muga-estratotipoak definitzen dituzte, horrek esan nahi du gune hori dela munduko lekurik onena Lurraren historiaren une hori aztertzeko. Espainiar estatu osoan bost daude, eta Zumaian bi iltze ditugu, San Telmo ermitaren oinetan. Zumaiako Paleozenoko barne mugak mundu mailako erreferentzia bilakatu eta estratotipo izendatu ziren 2008an. Bi mugak urre koloreko iltze batekin markatuta daude: Daniar / Selandiar muga, duela 60,5 milioi urte izan zen itsas-maila jaitsiera baten arrastoa; eta Selandiar / Thanetiar muga, duela 58,7 milioi urte Lurraren eremu magnetikoak izan zuen aldaketaren lekukoa. Horrez gain estratotipo izateko finalista izan ziren beste bi muga ere hurbil dituzte: Kretazea/Paleogeno (edo K/T) muga eta Paleozeno/Eozeno muga. Guztiak Itzurun-Algorri eremu eder honetan.

Ermitaren kanpoaldean ikus daitekeen guztia nahikoa ez balitz, barrualdeak ere baditu ikusgai diren hainbat bitxikeria. Hala, Santiago eta Santa Klararen irudien alboan, XVIII. mendeko erretaula rokokoa nabarmentzen da, egurrez egina, polikromatu eta urreztatu gabea. Gainera, badu beste datu ezezagun bat ere, XVI. mendetik aurrera ermita hau San Telmo Marinelen Kofradiaren egoitza izan zen. Azken urteetan, ordea, Erribera kalean kokatuta egon zen, eta gaur egun bertan aurki dezakezu arraina enkantean saltzeko erabiltzen ziren makinetatik Euskal Herrian gelditzen den bakarra.

Antzinako istorio eta bitxikeria ugari ezkutatzen ditu, beraz, ermitak. Horiek guztiak ezagutu nahi badituzu, baduzu aukera. Zumaiako Turismo sailak bisita gidatuak antolatu  ditu. Bisita guztiak 10 minutukoak dira,  euskaraz eta gaztelaniaz egin ahal dira, 2 euroren truke. Informazio gehiago behar baduzu, turismo bulegoan aurkituko duzu behar duzun guztia.

Antzinatik, itsasoko milaka gertaeren lekuko eta oinordekoa izan da San Telmo ermita, belaunaldiz belaunaldi transmititutako kondairak inguratuta, istorioak biltzen joan da historian zehar. Horiek guztiak ezagutu nahi badituzu, uda honetan duzu aukera. Ez izan zalantzarik!