​Partaidetzazko aurrekontuen prozesua iritsi da bozketa fasera: 20 proiekturen artean hiru aukeratu ditzake zumaiar bakoitzak

2022/09/26

Zumaian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek eman dezakete botoa, urriaren 14ra arte. Boto gehien jasotzen dituzten proposamenak 2023 eta 2024ko aurrekontuetan txertatuko ditu Udalak, 500.000 euroak agortu arte.

Zumaiarrek martxoan zehar Partaidetzazko Aurrekontuak osatzeko proposamenak egin zituzten, 281 guztira. Errepikatuta zeudenak, eta arrazoi desberdinengatik baztertu direnak (udal eskumenekoak ez direlako, aurreikusitako aurrekontua gainditzen dutelako...) kenduta, 156 pasa ziren leheneste saioetara. Biler ahorietan herritarrek 33 proposamen lehenetsi zituzten, zenbait irizpide jarraituta. Proposamen guztiak teknikoki baloratu ondotik, 20 proiektu zehatz dira bozketa fasera iritsi direnak. 

Zumaian erroldatutako 16 urtetik gorako herritar guztiek eman dezakete botoa, irailaren 26tik urriaren 14ra bitartean. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek ere izango dute aukera beraien iritzia emateko, baina horiek Gaztegunean egin beharko dute. 20 proiekturen artean hiru aukeratu beharko ditu partaide bakoitzak, eta boto gehien jasotzen dituzten proposamenak 2023 eta 2024ko aurrekontuetan txertatuko ditu Udalak, 500.000 euroak agortu arte. 

Prozesuaren nondik norakoak zein proiektuen inguruko xehetasunak ezagutzeko saio ireki bat izango da urriaren 4an, udaletxeko pleno aretoan. 

Nork eman dezake botoa?

  • 16 urte edo gehiago dituzten eta Zumaian erroldatuta dauden herritarrek

  • 12 eta 16 urte bitarteko nerabeek Gaztegunean botoa emateko aukera izango dute

Non eta nola eman botoa?

  1. Boto orria postontzian utzita. Postontziak udaletxean, kiroldegian, Alondegian, Gizarte Zerbitzuetan (Branak eraikina), Hogarrean eta Oikiako eskolan aurki daitezke. Zumaiako etxe guztietara bidaliko da boto orri bana, baina gehiago behar dituztenek postontziak dauden lekuetan aurkituko dituzte.

  2. Aurrez aurre. Oxford parean botoa emateko aukera izango da irailaren 30ean (17:00-19:00) eta urriaren 14an (11:00-13:00 eta 17:00-19:00)

  3. Online, partaidetza.zumaia.eus webgunean

20 proiekturen artean hiru aukeratu beharko dituzte zumaiarrek. Hiru proposamen baino gutxiago edo hiru baino gehiago dituzten boto-orriak baliogabetzat joko dira, eta ezinbestekoa da datu pertsonal guztiak betetzea.