Haritzak, arteak eta intxaurrondoak landatu dituzte Zuhaitz Egunean

2021/03/17

Oikiako eskolaren pareko belardian eta Marianton parkean zuhaixkak landatu dituzte gaur goizean. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek oparitutako intxaurrondoa ere jarri dute, “joandako lagun eta senideak, eta horiekin pasatako une goxoak gogoratzeko”.

Zumaiako Herri Eskolako, Oikiako Eskolako eta Zumaiena ikastetxeko ikasle eta irakasleek, lorezaintza zerbitzuko kideek eta udal ordezkariek hartu dute parte aurtengo Zuhaitz Egunean. Haritzak, arteak eta intxaurrondo zuhaixkak sartu dituzte Oikiako eskolaren pareko belardian eta Marianton parkean. Arbola horien ezaugarriak ezagutzeaz gain, horiek zaintzeko egin beharrekoak jakiteko aukera izan dute haur eta gaztetxoek.

Horrelako ekimenen bitartez ingurumenaren jasangarritasuna indartu eta bultzatzea, eta herritarrak ingurumenaren zaintzak duen garrantziaren inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatzea ditu helburu Udalak. Halaber, Agenda 2030 programaren baitako 15. helburuaren lanketa egiteko baliatuko da ekimena. Lurreko ekosistemen bizitzari dagokio 15. helburua, eta zentzu horretan, zuhaitzek eta basoek gure bizitzetan eta ekosisteman duten garrantzia eta eragina lantzen ari dira eskoletan.

Aurtengoan, egoerak hala behartuta, Zuhaitz Egunean ikasleen ordezkari talde batek soilik parte hartu ahal izan du. Edonola ere, ikasitakoa gelakideekin lantzeko aukera izango dute partaideek.

Joandako lagun eta senideak gogoratzeko intxaurrondoa

Zuhaitz Egunaren aitzakian, Marianton parkean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek inauterietako ekitaldian Zumaiako herriari oparitutako intxaurrondoa ere landatu dute gaurkoan.

Intxaurrondoa eta zuhaixkaren eremua “joandako lagun eta senideak, eta horiekin pasatako une goxoak gogoratzeko” tokia izango da. Zumaiako haurrek aukeratu zuten joan den astean zuhaixka non kokatuko zen.