Oinezko ibilaldiak eta korrika egiteko entrenamendu proposamenak, 'Zumaia Sasoian' egon dadin
Otsaila eta martxoa herri krosen eta Lilatoiaren hilabeteak izan ohi dira. Egungo egoeran halako lasterketak egitea ezinezkoa bada ere, kirol jarduera gidatuak eskainiko dituzte datozen egunotarako, herritarren “aisialdi aktiboa” sustatzeko. Martxoaren 6tik maiatzaren 9ra bitartean parte hartzen dutenen artean 50 euroko 40 erosketa bono zozketatuko dira.
Zumaiako Udalak eta Kirol Patronatuak ‘Zumaia Sasoian’ ekimenaren baitan bigarren proposamen bat prestatu dute zumaiarrentzat. Emakumeon* Etxea elkarteko kideak izan dituzte lagun oraingoan, “emakumeen parte hartzeari indar berezia eman, eta Lilatoi birtualean parte hartzera gonbidatzeko”. Gaindituz enpresak prestatu ditu entrenamenduak, eta oraingoan ere Baleikerekin elkarlanean arituko dira.
Gabonetan egin bezala, herritar gehienek egiteko moduko jarduerak proposatuko dituzte martxoaren 6tik aurrera, zumaiasasoian.eus webgunearen bidez. Ekimen honen helburua da zumaiarrak aktibo eta osasuntsu mantentzea.
Otsaila Herri Lasterketa eta Txakur Krosaren garaia izan ohi da Zumaian. Gainera, martxoaren 8aren bueltan emakumeak protagonista dituen Lilatoia lasterketa egiten da urtero. Egun bizi dugun osasun egoeran, ordea, debekatuta dago halako kirol jarduerak egitea; kirola banaka (edo bizikidetza unitate berdineko kideekin), edota gehienez sei pertsonako taldeetan egin daiteke, betiere distantziak mantenduz eta maskara jantzita. Hori horrela izanik, egungo mugak kontutan hartuta, lasterketa horiek nolabait ordezkatzeko jarduerak proposatuko dizkiete herritarrei.
Oinezko ibilaldiak eta entrenamendu proposamenak
Oraingo honetan jarduerak gidatuak izango dira, eta hiru ariketa mota proposatuko dituzte:
-
Oinezko ibilaldia: oinezko jarduera egiteko ibilbide bat proposatuko da
-
Korrika egiteko oinarrizko entrenamendua: Korrika egiteko ohiturarik ez dutenentzat egokitutako proposamena izango da. Oinez ibiltzea eta korrika egiteko momentuak uztartuz, korrika egiteak dakartzan onurak ezagutzea eta barneratzea izango du helburu.
-
Korrika egiteko entrenamendu garatua: Gaur egun korrika egiten dutenei bideratutako entrenamendua izango da. Entrenamendu mota ezberdinak ezagutzea da helburua.
Ibilaldi eta entrenamendu proposamenez gain, zenbait bideo argitaratuko dituzte zumaiasasoian.eus webgunean. Horietan jarduera egin aurreko beroketak, jarduera egin eta gerorako luzaketak zein korrika egiteko jarraibide konkretuak azaldutuko dituzte.
Erosketa bonoak parte hartzaileentzat
Parte hartzen dutenen artean 50 euroko 40 erosketa bono zozketatuko dituzte. Martxoaren 6tik maiatzaren 9ra bitartean parte hartu ahal izango da, eta zozketan sartzeko egindako jarduera gorde beharko da, mugikorrean edota bestelako gailuetan erabili daitezkeen aplikazioetako batekin.
Ondoren, jarduera hori 629 503 369 telefonora bidali beharko da, Whatsapp aplikazioaren bidez, eta ondorengo datuak zehaztuz: jarduera mota, izen-abizenak eta erronkaren jarduera-grabaketa edo datuak azaltzen diren pantailaren argazkia (xehetasun guztiak zumaiasasoian.eus webgunean). Datu horiek jarduera egin izana egiaztatzeko soilik erabiliko dituzte, eta ez dira inon agertuko. Halaber, nabarmendu dute ez dela sailkapenik egongo, jarduera horiek egitea bera delako helburua.
Irakurri araudi osoa lotura honetan.
Lilatoia Zumaian
Aurtengo Lilatoia ezin izango da urteroko moduan egin. Edonola ere, betiko helburuei eutsita, emakumeek korrika egin dezaten sustatzen ari da Emakumeon* Etxea elkartea. Lilatoi birtualean izen-emateko epea amaitu bada ere, Zumaiako emakumeak ere egunotan kirola egitera gonbidatu nahi dituzte.
Kirola talde handietan egin ezin denez, martxoaren 5etik 7ra bitartean photocall-a jarriko dute Saregileen plazan: ostiralean 17:00etatik 19:00etara, eta larunbatean eta igandean 10:00etatik 13:00etara. Halaber, e-posta bidez ere bidali ahal izango dira argazkiak, zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com helbidera idatzita.
Albiste erlazionatuak
Kirolak
- Zabalik dago Zumaiako Udalaren kirol instalazioetako zerbitzuak kontratatzeko lizitazio prozesua 2024/11/12
- Zumaiako Udalak, Zumaiako Kirol Elkarteak eta Innpala enpresak elkarlanean, pala jaialdia antolatu dute larunbat honetarako 2024/11/07
- Etiketa berdearen balioak soinean, 650 korrikalari eta boluntario mordoa ariko dira 15. Flysch Trail lasterketan 2024/10/01
- Larunbateko arraunlari beteranoen estropada dela-eta kontutan hartu beharrekoak 2024/07/18
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13
Berdintasuna
- 'Hirigintza inklusiboa, denontzako herria eraikitzeko tresna' hitzaldia eskainiko dute bihar arratsaldean Emakumeon* Etxean 2024/10/29
- Zumaiako Udalak Iruñeko erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak 2024/10/10
- Prest dago plazerari buruzko ihes-gela 2024/09/26
- Zumaiako Udalak azken erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak 2024/09/12