Landatu dute Gernikako arbolaren kimu berria
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak herritarrekin batera landatu dute haritzaren kimu berria, Gernika parkean. Ekitaldi xumea egin dute bertan, haritz sakratuak irudikatzen dituen balioak goresteko.
Zumaiako Udalak Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatuta –arbolaren arduradunak dira–, Gernikako arbolaren kimu bat landatu dute gaur egurdian Gernika parkean. Ordekazkari politikoek eta herritarrek ekitaldi xume bat egin dute landaketaren bueltan, Gernikako arbolak irudikatzen dituen balioak goresteko.
1937an bonbardatu zuten Gernika hegazkin alemanek, eta 1987an ingurune hau Gernika parkea izendatzea erabaki zuen Zumaiako Udalak, 50. urteurrenean. Gerora, Gernikako arbolaren kimu bat landatu zen bertan, baina honakoaren kokapenagatik arbola erabat kaltetu izan da behin eta berriro. Hori horrela, arbolaren kimu berri bat landatu dute gaur, turismo bulegoaren pareko belardian. 3 metroko luzera eta 8 urteko bizitza ditu haritzak, eta plaka bat jarri diote ondoan, "Euskal Herriaren bake eta askatasunaren gogoaren" ikurra dela oroitzeko.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñaki Ostolaza alkatea, Zumaiako udalbatzako kideak, eta Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria. Landaketa egin ondotik, Beheko Plaza jubilatuen abesbatzak Gernikako arbola abestu du. Zumaiako txistulariek eta dantzariek ere parte hartu dute ekitaldian.
Iñaki Ostolazak gogorarazi du 1987an jarri ziola Zumaiako herriak Gernika parkea izena eremu horri, bonbardaketaren 50. urteurrenean. Haren esanetan, urte asko pasa arren, "gaur egun inoiz baino biziago daude Gernikak eta arbolaren harizpeak sinbolizatzen dituenak". "Arbola euskaldunon erabakien sinboloa bada, eta Gernika bakearena, harizpeak elkarrizketa irudikatzen du. Bada, elkarrizketa hori beharrezkoa dugu inoiz baino gehiago, euskaldunon artean zein munduan. Gernikako arbolaren kimu honek balio dezala Euskal Herriaren erabakiak, bake nahia eta elkarrizketa balioan jartzeko", esan du.
Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakariak, bere aldetik, arbolaren landaketa "euskaldunen ikur unibertsalenaren balioak kontatzeko nahi moduan" ikusi du. "Bizkaiko Jaurerriko lehen Batzarrak hartzen zituen haritza herri eta erakunde baten iraupenaren sinbolo bihurtu zen denborarekin, mendeekin batera gertatu diren gorabehera historikoen aurrean. Gernikako bonbardaketak gure eskubide historikoen, askatasunen eta bake nahiaren estandarte gisa katapultatu zuen", adierazi du. Azkenik, gogorarazi du "eskubide, askatasun eta bake nahiaren ikur den" arbolaren 500 kimu inguru daudela gaur egun mundu osoan banatuta.
Albiste erlazionatuak
Memoria
- Iñaki Beobide Agirrezabalaga, gugan bego 2024/01/16
- Francoren 1936ko altxamendu faxistaren ondorioz hildako zumaiarrak omenduko dituzte abenduaren 16an 2023/12/06
- 'Kontakizunekin jolasean' tailerra egingo dute larunbat honetan Emakumeon* Etxean, Geuretik Sortuak ekimenaren barruan 2023/06/15
- 'Itzalpeko Emakumeak' erakusketa martxoaren 4an irekiko da 2023/02/27
Zumaia bizitzeko da
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14