Landare inbaditzaileak kentzeko jardunaldia egingo dute igandean

2021/06/03

Landare inbaditzaileek biodibertsitatean sortzen duten kalteaz jakitun, horiek kentzeko saioa antolatu dute iganderako zenbait eragilek. 50 herritarrek hartuko dute parte auzolanean.

Balio ekologiko handiko eremua da Santiago hondartza, baina espezie exotiko inbaditzaile ugari dago. Oenothera glazioviana, Onagra, Connyza sp zein Carpobrotus espezieak modu artifizialean sartutakoak dira, eta espezie autoktonoek bete beharreko lekua hartzen dute. Mundu osoko biodibertsitatean arazo larriak eragiten dituzte espezie inbaditzaileek, eta dunak bereziki sentikorrak dira espezie horiekiko.

Hori horrela izanik, Santiago hondartzan espezie inbaditzaileak kentzeko saioa egingo dute igande honetan, hilaren 6an. Lurgaia fundazioak eta Decathlon enpresak elkarlanean antolatutako jardunaldia da, Zumaiako Udalaren babesarekin. 50 pertsonak hartuko dute parte saioan, baina dagoeneko plaza guztiak beteta daudela jakinarazi dute antolatzaileek.

Partehartzaileek problematika ezagutzeko hitzaldia entzungo dute saioaren hasieran, eta jarraian, aipatutako espezieak kentzeko auzolana egingo dute. Kendutako landare-hondakinak, betiere eskuz eta errotik kenduta, jardun-eremutik kanpo aterako dituzte parte hartzaileek.