Pulpo eta Zumaiako kirol klubak, eta Lucia Lacarra omenduko dituzte sanpedroen hasierarekin batera

2022/06/28

Gaur bertan lehertuko da festa Zumaian, 18:00etako txupinazoarekin. Pulpo eta Zumaiakoko kideez gain, herriko kirolari ugarik hartuko dute parte ekitaldian; azken boladan guzti horiek egindako lorpenak ospatuko dituzte. Bandera igoeran, berriz, Lucia Lacarra dantzaria omenduko dute.

Beste urte batez Zumaia sanpedroetan murgilduko da, aurten ekainaren 28tik uztailaren 2ra bitartean. Astearte arratsaldean abiatuko da festa, 18:00etako txupinazoarekin, eta 20:00etan igoko da bandera udaletxean. Txupinazoaren ondotik, erraldoi eta buruhandiek hartuko dituzte Zumaiako kaleak, Tolosako dultzaineroek lagunduta; gainera, 18:30etik aurrera Ustekabe txaranga Erribera kalean ariko da. Gauean, berriz, DJ Alejandroren disko-festa izango da Amaia plazan, eta Trikizio taldearen kontzertua Eusebio Gurrutxaga plazan.

Txupinazoan herriko kirolariak izango dira protagonista: Pulpo eta Zumaiako kirol elkarteetako ordezkariak izango dira bertan, azken hilabetean lortutako kategoria igoerak ospatzeko. Horiekin batera, Maria Etxabe igerilaria, Leire Baraibar mendi korrikalaria, Irati Osa eta Martin Egaña piraguistak, Frida Watkins eta Gonzalo Agirre zesta puntalariak, Mady Diame boxeolaria, Eneko Carretero eskalatzailea, Anette eta Janire Gonzalez Txabarri surflariak, Helene Alberdi triatleta eta Oier Saraskate xake jokalaria omenduko dituzte. Guzti horiek lorpen ugari lortu dituzte azken boladan, eta Zumaiako Udalak aitortza egin nahi die. Bandera igoeran, berriz, Lucia Lacarra omenduko dute, bere dantzari ibilaldi oparoa balioan jartzeko. Beste hainbat aitortzaren artean, Lacarrak Max Saria jaso berri du.

Gaur hasiko dira sanpedroak, baina asko izango dira hurrengo egunotan izango diren ekitaldiak: kirol txapelketak, dantzaldiak, bandaren kontzertua eta mariatxi emanaldia, besteak beste. Ohi bezala, ekainaren 29an su artifizialen ikuskizuna izango da, eta igandean, artisau azoka izango da Eusebio Gurrutxaga plazan. Beste urte batez, asko izan dira ekitaldien antolaketan parte hartu duten herriko elkarteak, eta Zumaiako Udalak eskerrak eman dizkie festen prestaketan parte hartzen duten guztiei.

Azkenik, festak guztiontzako espazio atsegin eta seguruak izan daitezen, eraso eta jarrera matxisten aurkako jarrera hartzera deitu nahi ditu Udalak herritarrak. Horrekin batera, kontsumo arduratsurako deia egin die herritar guztiei. Hori horrela, arduraz jokatuz eta elkartasunez, festez gozatzeko deia egiten die Zumaiako Udalak herritar guztiei.

Hona hemen egitaraua:

Ekainak 28, asteartea

18:00 Udaletxean txupinazoa

Jarraian, erraldoi eta buruhandiak kalejiran Tolosako dultzaineroekin

18:30 Ustekabe txarangaren kalejira

18:45 Sagarbidetik, sanpedroetako danborradaren irteera

18:00 Pelota partiduak Odietan Herri mailako Pala txapelketa, azken partidua

20:00 Udaletxean herriko bandera jasotzea

21:30 Torreberrin danborradako kideen afaria

22:00 Amaiako plazan diskoteka: Dj Alejandro

22:30 Eusebio Gurrutxaga plazan dantzaldia Trikizio taldearekin

Ekainak 29, asteazkena

09:00 Tolosako dultzaineroekin goiz soinua

11:00 Prozesioa, eta ondoren Meza Nagusia

11:00-13:00 Torreberrin haurrentzat jolasak eta tailerrak

11:30 Dultzaineroak kalejiran

12:00 Iraunkorrak txarangaren kalejira

13:00 Eusebio Gurrutxaga plazan Udal Musika Bandaren kontzertua

17:30 Eusebio Gurrutxaga plazan Tomaxen abenturak haur antzerkia

18:30 Iraunkorrak txarangaren kalejira

19:00 Eusebio Gurrutxaga plazan herri kirolak

19:00 Dultzaineroak kalejiran

22:30 Amaiako plazan diskofesta

23:00 Su artifizialak Valecea piroteknia etxearen eskutik

Jarraian, Tolosako dultzaineroak kalejiran Arranplatik Eusebio Gurrutxaga plazara

Ondoren, dantzaldia bertan Zumaiako Musika Bandarekin

Ekainak 30, osteguna

17:30 IV. Emakumezkoen pala txapelketa semifinal eta finala

19:30 Mari kalean, Musika Eskolako Jazz kontzertua

Uztailak 1, ostirala

18:00 Herri mailako Esku pilota txapelketa, azken partidua

22:00 Mari kalean, antzerkia: BETE INGOIAU!

Uztailak 2, larunbata

18:00 Buztintxuriko erraldoien kalejira

22:30 MARIATXI CHUCHÍN IBAÑEZ eta GARIBALDI BAND-TALDEA

Uztailak 3, igandea

11:00-14:00 + 17:00-20:00 Eusebio Gurrutxaga plazan

ARTISAU AZOKA

19:30 Odietan, Plaza Dantzak eta gehiago

sanpedroak 2022_page-0001.jpg