Pandemiak ezohiko egoera ekarri arren, 2020ko aurrekontuaren exekuzioarekin gustura agertu da Udal Gobernua
2020ko aurrekontuaren likidazioaren berri eman zuten atzoko udalbatzarrean. %75,25ekoa izan zen aurreikusitako gastuen exekuzio maila, eta %71,10ekoa diru-sarreren betetze maila.
2020ko aurrekontuaren likidazioaren berri eman zuen Udal Gobernuak atzoko udalbatzarrean. Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak likidazioaren datuak xehe azaldu zituen, eta azpimarratu zuen iazkoa urte berezia izan zela, pandemiak espero ez zen errealitate bati aurre egitea ekarri zuelako.
Hori horrela, sektore ezberdinei pandemiaren eraginak leuntzeko neurri bereziak hartu zituen iaz Udalak, eta laguntzetara espero ez zen diru kopuru bat bideratzea ekarri zuen horrek, 2020ko maiatzean milioi bat euroko kreditu aldaketa bat eginda. Gainera, ohiko gastu batzuk biderkatzea ere suposatu zuen pandemiak, desinfekzioak, garbiketa bereziak etab. tarteko. Hori horrela, Gajatek adierazi zuen momentu batean hainbat inbertsio gelditu eta lehentasuna pandemiaren eraginak leuntzeko laguntzetan jarri bazen ere, urtea bukatzerako inbertsio horiei berriz heldu zitzaiela. Horren erakusle gisa, azaldu zuen 2020an aurreikusi ziren inbertsioen exekuzio maila 2016tik izandako altuena izan dela. Aurreikusitako gastuen exekuzioa, berriz, %75,25ekoa izan zen.
Diru-sarrerei dagokionez, berriz, %71,10ekoa izan zen 2020ko ekitaldiaren betetze-maila. Horrekin lotuta, Gajatek gogorarazi zuen Aldunditik iristen den foru funtsaren ekarpenean espero ez zen murrizketa aplikatzea ekarri zuela pandemiak, eta horretaz gain Kiroldegiko kuota %30ean jaisteak bertako diru sarrerak nabarmen gutxitzea ekarri zuela. Horrek Aldunditik aurreikusitakoa baino 1.150.527 euro gutxiago eta kiroldegiko kuotetatik 158.000 euro gutxiago jasotzea ekarri arren, 2020 urtea 856.173 euroko defizitarekin amaitu zen, Aldundiak baimendutako gehienezko defizitaren mugaren %20 azpitik. Orokorrean, pandemiaren eraginez foru funtsa gutxitu eta laguntzetara bideratzeko espero ez zen kreditu aldaketa garrantzitsu bat egin arren, inbertsioei eutsi ahal izan die Udalak eta hori gustora egoteko modukoa dela adierazi zuen.
Ezohiko egoera dela-eta 2020rako arau fiskalak etenda dauden arren, Zumaiako aurrekontu bateratuaren likidazioak egonkortasun muga betetzen duela nabarmendu du. Gainera, %18koa da erakundearen gaur egungo zor bizia, legeak ezartzen duen %70eko mugatik oso urruti.
Bukatzeko, Zumaiako Udalaren egoera ekonomikoa ona dela adierazi du Gajatek. Legeak erakunde publikoei ezartzen dizkien aurrekontu egonkortasun eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu arauak betetzen ditu Udalak, eta 6.368.000 euroko gerakina du erabilgarri.
EAJ, kezkatuta
EAJren izenean Maricruz Alvarezek hartu zuen hitza atzoko osoko bilkuran: "EAJ taldea, ez doa kritika negatiborik egitera aurrekontuak izan dituen kreditu aldaketa, exekuzio portzentaia, sarrera gutxitze, gastu igoera edota aurrekontu emaitzaren aurrean. Egoera arraro honen aurrean, urtea arraro joan izana ulertzen dugu noski". Edonola ere, pertsonal gastuetan egindako bilakaerarekin kezkatuta agertu zen oposizioko taldea, "lehen kapituluan gorakada egonda ere, azpikontratazioetan ere gorakada egon delako". Dena den, inbertsioei dagokionez, "pozik" daude EAJ udal taldeak martxan jarritako zenbait proiektu aurrera doazelako.
Bestalde, kiroletako inbertsioak ez exekutatzearekin desadostasuna agertu zuen Gotzon Enbil zinegotziak, "134.000 eurotatik 30.000 euro bakarrik bideratu baitira".
Albiste erlazionatuak
Aurrekontuak
- 2024rako aurrekontuak aztertuko dituzte asteazkeneko ezohiko osoko bilkuran 2023/11/28
- 24,8 milioi euroko aurrekontu proposamena, 'herritarren eguneroko beharrei erantzuten jarraitzeko eta etorkizuneko erronkei eusteko' 2023/11/20
- Asteazken honetan izango da Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuko bigarren leheneste saioa 2022/05/30
- Partaidetzazko Aurrekontuetarako proposamenak egiteko azken egunak 2022/03/29
Plenoak
Covid19
- COVID ziurtagiria dela-eta, Zumaiako Udalaren oharrak 2021/12/16
- Kiroldegian eta kultur ekitaldietan ohiko funtzionamendua berrezarriko da ostiral honetan 2021/10/07
- Zabalik dago ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatzeko dirulaguntzen deialdia 2021/08/06
- Aurtengo udan ere betetze maila neurtuko da Zumaiako hondartzetan 2021/06/11
Ogasuna
- Abenduaren 1etik 31ra bitartean eskatu beharko dira udal tasa eta zergetan aurreikusitako hobariak 2024/11/22
- %3ko igoera udal tasa eta zergetan, 'zerbitzu publikoak kalitatez ematen jarraitzeko, eta udalaren inbertsio gaitasuna mantentzeko’ 2024/09/30
- Aurten ere egin errenta aitorpena euskaraz 2024/04/02
- Udal zergen eta tasen hobariak eskatzeko epea zabalik, urtarrilaren 31ra arte 2024/01/11