Ingurune digitalean euskara gehiago erabiltzeko hitzarmena sinatu dute PuntuEus Fundazioak eta Zumaiako Udalak
Hitzarmenaren helburua izango da Zumaiako ingurune digitalean euskararen presentzia handitzea. Zumaiako entitateei PuntuEus domeinua zabaltzeko erraztasunak emango zaizkie.
PuntuEus Fundazioak eta Zumaiako Udalak ingurune digitalean euskararen presentzia areagotzeko hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenaren helburua herriko ingurune digitalean euskararen presentzia handitzea izango da. Horretarako, egungo egoera aztertuko da eta egoera ezagutu ondoren, euskararen erabilera handitzeko ekintzak planteatuko dira. Zumaiako Udaleko, PuntuEus Fundazioko eta herriko elkarte eta merkatarien ordezkariek eman dituzte xehetasunak.
Josu Waliño PUNTUEUS Fundazioaren zuzendariaren hitzetan “PuntuEusen helburua eraldaketa digitalean euskaratik eragitea da. Horretarako eremu desberdinetan eragiten dugu: norbanakoen erabilerara begira kontzientziazioa sustatuz batetik, eta, bestetik, erakundeen digitalizazioan euskarari tokia egiteko lagunduz .EUS domeinuaren bidez”.
Hasteko eta behin Udalak erraztasunak emango ditu: PuntuEus domeinua urtebetez ordainduko die herriko 100 entitateri, eta webgunea orain egiten dutenek zerbitzaria ere doan izan dezakete lehenbiziko urtean. Interesa dutenek Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin jarri beharko dute harremanetan, euskaratxanpan@zumaia.eus e-mailera idatzita edo 943 86 50 25 (616 luz.) telefono zenbakira deituta.
.EUS domeinua doan eskuratzeko, idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera edo deitu 943 86 50 25 (616 luz.) telefono zenbakira
Gaur egun, Zumaian 431 domeinu daude erregistratuta guztira. Horietatik 177 dira webgune aktiboak, eta aktiboen artean 42 dira .EUS domeinua dutenak, %24a. Gainontzekoetan .ES, .COM, .ORG edo bestelako domeinuak erabiltzen dituzte. Hizkuntzaren erabilera aztertuz gero, webgune horietatik %30etan dago euskararen presentzia; %85a da gaztelaniaz dagoen edukia, eta %34a ingelesez (euskaraz baino gehiago). Dinamika honekin, egungo egoera aldatzea da helburua, ingurune digitalean ere euskararen erabilera kaleko erabileraren parekoa izan dadin.
Zumaia, potentzialitate handiko herria
Zumaiako Udalak ingurune digitalean euskararen presentzia eta erabilera sustatzearen alde egindako apustua ez da berria. Udalaren webgunea PuntuEus domeinukoa da hasiera-hasieratik (www.zumaia.eus).
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearen arabera, “Zumaiako Udalak digitalizazioan erraztasunak eman nahi dizkie zumaiarrei, Interneten ere euskaraz agertu daitezen. Zumaian aukera handiak ikusten ditugu PUNTUEUS domeinua zabaltzeko. Udalerri euskalduna da, eta inguruko beste herri batzuen aldean industria sare handi samarra du: lantegi handi, ertain eta txiki dezente ditugu.”.
Euskararen normalizazioa, eremu guztietan
Zumaiako Udalaren helburua euskararen erabilera eta presentzia normalizatzea da, naturalki jarduteko modu bihurtu arte. Horretarako, aktibazioa lantzen du eta zerbitzuak eskaini, herriko esparru ezberdinetan euskararen normalizazioa errazteko. Maddi Aldalurrek, Euskarako zinegotzia den aldetik, hauxe azpimarratu du: “ Ingurune digitalean euskararen presentzia handitu eta normalizatzea ere horietako bat da, eta horregatik, Udalak uste du PuntuEus Fundazioarekin bi urterako sinatutako hitzarmenak bide hori urratzen lagunduko duela”.
Gainera, Aldalurren ustetan, ekimen honek balioko du Euskaraldiaren helburuak lantzeko ere. "Hizkuntza ohiturak aldatzea bultzatu nahi dugu, eta ez ahozko erabileran bakarrik; ingurune digitalean ere sor daitezke ARIGUNEAK, eta sustatu beharko dugu mundu digital horretan ere AHOBIZI eta BELARRIPREST jokatzea".
Eredu batzuk badauzkagu
Zumaiako Udala hasiera-hasieratik da PUNTUEUS, eta entitate edo eragile batzuk ere badauzkagu domeinu horrekin ageri direnak. Gertu merkatari elkartea da horietako bat. Lore Garciarena elkarteko teknikariak azaldu duenez "herriko merkatariei alde lanean ari den elkartea gara. Zumaiarrengandik 'gertu' egotea da gure helburua eta .EUS domeinuak hurbiltasun hori ematen digu". Zumaiako Udalaren eta PuntuEus fundazioaren bidelagun izango da Gertu, herriko merkatariei ekimen honen berri emateko.
Sura osasun zentroak ere .EUS domeinua erabiltzea erabaki zuen. Eneritz Mancisidorren esanetan, erabaki kontziete bat izan zen .EUS domeinua aukeratzea: "identitateari lotutako erabakia izan zen, baita euskalgintzari ekarpena egiteko modua ere". Ildo beretsuan mintzatu da Pulpo Eskubaloi Klubeko Iraitz Mugica ere: "kirol klub txiki bat gara, herrigintzan ere ekarpena egin nahi duena. Euskararen aldeko askotariko ekimenetan parte hartzen dugu (Korrikan, Euskaraldian...), eta webgunean ere gure eguneroko hizkuntza, euskara, erabiltzea erabaki logiko bat izan da".
Albiste erlazionatuak
Euskara
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- 'Zumaian euskararekin zer?' prozesuaren barruan partaidetza saioei ekingo diete urrian 2024/10/03
Merkataritza
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, herriko saltokiak indartzeko 2024/10/29
- Merkataritza lokalak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzeko dirulaguntza eskatzeko epea zabalik, urriak 11 arte 2024/09/27
- Dendari, tabernari eta elkarte gastronomikoetako kideekin bilduko da Egutera energia kooperatiba ostegun honetan 2024/06/11
- Erribera kaleko zamalanen ordutegia doitu egin da ikasleen segurtasunari lehentasuna emateko 2024/05/10
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13