Merkataritza lokalak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzeko dirulaguntza deialdia argitaratu du Zumaiako Udalak

2023/10/27

Urtebeteko iraupena izango du dirulaguntzak, eta, gehienez ere, 250 euro ordainduko dira hilabetean. Helburua da merkataritza jarduera eta ekimen berriak sustatzea, eremu horiei bizia emateko. Dirulaguntzak eskatzeko epea azaroaren 10an amaituko da.

Dirulaguntza hauen xedea da Zumaiako hiri-lurreko merkataritza lokalak betetzea edota jardueretan belaunaldiaren aldaketa sustatzea, ekintzaile berrien bitartez, merkataritza biziberritzeko helburuarekin. Dirulaguntzaren iraupena urtebetekoa izango da, eta, gehienez ere 250 euro ordainduko dira hilabetean (betiere, alokairuaren %50eko kopurua gainditu gabe); halaber, BEZa ez da diruz ordainduko. Dirulaguntza azaroaren 30a baino lehen (hau barne) eskatu beharko da.

Dirulaguntza lortzeko oinarrietan zehaztutako baldintza guztiak bete beharko dira, hala nola: onuradun eta errentatzailearen artean familia loturarik ez egotea, bigarren mailarako; Zumaiako zerga, tasa eta bestelakoen ordainketak eguneratuta izatea; Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta edukitzea; edota, negozioan euskararen presentzia bermatuta egotea. Baldintza guztiak oinarrietan zehazten dira, eta guztiak betetzen direla ziurtatu beharko du eskatzaileak.

> Oinarriak

> Deialdia

> Eskaera orria eta eranskinak

> Eskaera telematikoa

Zumaiako Udala Merkataritzako Plan Estrategikoa osatzen aritu da azken bi urteotan, baina bitarte hortan ekimen zehatzak martxan jartzeko lanean aritu da. Merkatariei zuzendutako dirulaguntza kopurua igotzeaz gain, neurri berri bat martxan jartzeko erabakia hartu zuen iaz: Zumaiako hainbat eremutan merkataritza berreskuratzeko eta indartzeko ekintzaile berriak erakartzeko, lokalak alokairuan hartzeko dirulaguntzak prestatzen ari da. Beharrezko administrazio prozedurak amaituta, dagoeneko zabalik dago deialdia.