Etendako zerbitzuak berriro martxan jarriko ditu Udalak, azaroaren 2tik aurrera

2020/10/30

Indarrean dauden dekretu eta irizpide berrietara egokituz, etendako jarduera eta zerbitzuak martxan jartzea erabaki du Udalak. Hala, osasun egoerak ahalbideratzen duen neurrian, kultura, kirola eta hezkuntza ez formala bermatu nahi dira.

Zumaiako Udalean aholku mahaia berriz bildu da gaur, pasa den urriaren 23an hartutako erabakiak dekretu eta irizpide berrietara egokitzeko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri eta irizpideak aldatu egin zituen aste hasieran: norberaren herritik ateratzeko debekuarekin eta etxeratze aginduarekin batera, herri barruko jardueran irizpideak leundu ditu.

Hori horrela izanik, jarduera eta espazio guztietako protokolo eta neurri guztiak errepasatu eta beharrezko egokitzapenak egin eta gero, joan den ostiralean etendako jarduera eta zerbitzuak martxan jarriko ditu Udalak azaroaren 2tik (astelehena) aurrera.

Erabakiokin, osasun egoerak ahalbideratzen duen neurrian, eta betiere protokoloak zorrotz beteta, kultura, kirola zein hezkuntza ez formala bermatu nahi ditu Udalak, horien garrantzia kontutan hartuta.

Honakoak dira hartutako erabakiak, azaroaren 2tik aurrera aplikatuko direnak: 

  • Kultur eta kirol ikastaroak eta Musika Eskolako jarduerak berriro ere martxan jartzea, taldekakoak barne. Horietan dekretu berriak ezarritako neurri eta protokoloak (taldeko partaide kopurua, maskararen erabilera...) zorrotz beteko dira.

  • Kultur programazioari berriz ekitea eta zinema irekitzea. Datorren astelehenetik aurrera agenda kulturala martxan egongo da. Kultur ekitaldietako protokolo zorrotzak jarraitu ditu orain artean Udalak, baina beste hainbat neurri hartuko ditu: sarrera-irteeretan neurriak zorroztuko dira eta, antzezlanen kasuan, sarrerak aurrez hartu beharko dira, turismo bulegoan. Orain artean bezala, %50eko aforoa izango da ekitaldi horiek guztietan.

  • Liburutegian protokoloa zorroztea. Ikasgela zabalik egongo da, eta mailegu zerbitzua egongo da, baina herritarrek ezin izango dute apalategietara joan. Gainera, ordenagailu bakarra egongo da erabilgarri, eta ezin izango dira egunkari edo aldizkariak irakurri.

  • Ludoteka eta Gaztelekua irekitzea. Datorren astelehenetik aurrera egongo dira zabalik, Gipuzkoako Foru Aldundiari zerbitzuok irekitzearen inguruko kontsulta egin ostean. Orain arteko funtzionamendu eta protokoloarekin jarraituko da horietan.

  • Herriko elkarteekin lanketa egiten jarraitzea. Herriko kultur eta kirol elkarteekin harremanetan dago Udala, beraien jardueretan egon daitezkeen hutsune edo arrisku-momentuak identifikatu eta horren araberako neurriak hartzeko.

  • Algorri Interpretazio Zentroko bisitarik ez egitea, herrien arteko mugikortasun debekuak irauten duen bitartean.

Albiste erlazionatuak