Kamioneta elektriko berria Udal Brigadarentzat

2024/04/11

Ibilgailua %100 elektrikoa da, eta Udal Brigadak ematen dituen zerbitzuak hobetzeko balioko du.

Udal Brigadentzat furgoneta elektriko berria erosi du Zumaiako Udalak, eta gaur bertan hasi dira honekin lanean. Kamioneta berria askotariko herri lanak egiteko erabiliko dute, besteak beste, espazio publikoan mantentze-lanak egiteko, eguneroko lanetarako beharrezkoak diren mugimenduak egiteko, edota herriko elkarteei zerbitzua emateko. Kamioneta zaharra ere mantenduko dute, eta, horrenbestez, kasu askotan lanak azkartzeko aukera izango du Udal Brigadak.

MAXUS eDELIVER 9 modelokoa da furgoneta, eta Udalak 80.444 euro erabili ditu honakoa erosteko. Ibilgailua aukeratzeko jasangarritasunaren alderdi teknikoak baloratu dituzte, hala nola: motorraren potentzia, gidatzeko autonomia, eta, kontsumo elektrikoak eta kargatzeko denbora osoa, baita ekipamenduak eskaintzen dituen sendotasuna eta segurtasuna ere.

Ekimen honekin Udalak mugikortasun garbiago eta iraunkorrago baterako trantsizioarekin bat egiten du, eta herritarrentzat etorkizun berde eta osasuntsuago baten aldeko konpromisoa erakusten du, Udal Brigadaren eguneroko lanetara bideratutako baliabideak hobetzearekin batera.

Udala modu jasangarrian mugitu dadin

Aipatutako ibilgailu berria eskuratuta, Zumaiako Udalak pixkanaka udal ibilgailuen flota berritzen jarraitzen du, ahal duen neurrian jasangarritasun irizpideeak errespetatuz. Egungo udal ibilgailuen flota aztertuta, 11tik 6 dira %100 elektrikoak diren ibilgailuak.

Honakoak dira gaur egun Zumaiako Udalak egunerokoan erabiltzen dituenenak:

  • Udal Brigada:
    • Bi kamioneta, horietako bat %100 elektrikoa

    • Hiru furgoneta txiki, horietako bat %100 elektrikoa

    • Pick-up bat

  • Udaltzaingoa:
    • Bi auto %100 elektriko
    • Motor bat, %100 elektrikoa
  • Bestelakoak:
    • Bizikleta elektrikoa, udal langileen eguneroko mugimenduetarako
    • Gizarte Zerbitzuetako furgoneta