Moilaberri eraikina eraberritzeko lanak martxan

2025/03/18

Zumaia eta Geoparke osoa ezagutzeko atea izango da Moilaberri eraikina. Bisitari eta turistentzat harrera gune berria, erakusketa-guneak eta erabilera anitzeko espazioak hartuko ditu, herritarren eta bisitarien topaleku bihurtuz. Obrak oinezkoen zirkulazioan aldaketak eragingo ditu eta komun publikoa ez da erabilgarri egongo aldi honetan; halaber, hainbat aparkaleku-plaza ez dira erabilgarri egongo.

Zumaiako Udalak abiatu ditu Moilaberri eraikinaren birgaitze jasangarri eta integrala egiteko obrak. Gaur bertan hasi dituzte beharginek obra-eremua hesitzeko lanak. Moilaberri eraikina,  tren geltokia izandako eraikin historikoa, Zumaia eta Geoparkea ezagutzeko ate bihurtu nahi dute. Ate horretatik Geoparkearen eremu geografiko osora eta askotariko intereslekuetara bideratu nahi dituzte bisitariak . 11 hilabetez arituko dira eraikina eraberritzen; horiek horrela, ondo bidean, 2026ko otsailerako prest egongo da eraikina.

Obrak Moilaberriren pareko plaza erdia okupatuko du, eta oinezkoen zirkulazioan aldaketak eragingo ditu; gainera, hainbat aparkaleku-plaza kenduta egingo dira obrak iraun bitartean [informazio gehiago beherago].

Birgaitzearen asmo nagusietako bat da eraikina herritarrei eta bisitariei irekitako gune publiko gisa berreskuratzea. Harrera guneaz gain, erakusketa edo interpretazio-guneak izango ditu eraikinak, baita lanerako bulegoak eta erabilera anitzetarako espazio bat ere. 

Gainera, eraikinaren birgaitzean ingurumen-irizpide zorrotzak aplikatuko dira, energia-eraginkortasuna hobetzeko eta energia aurrezpen primarioaren %30 lortzeko helburuarekin. Obrak 11 hilabeteko epean burutuko dira, eta IPARRAGIRRE ERAIKUNTZA LANAK SL enpresak izango du ardura nagusia. Proiektua UTE TV ESTUDIO TENKA enpresak diseinatu du.

Guztira, proiektuaren aurrekontua 1.008.528 eurokoa izango da (BEZ barne), baina horietatik 311.089 euro bakarrik ordainduko ditu Zumaiako Udalak. Izan ere, proiektu honen atzean dirulaguntzak lortzeko ahalegin handia egon da; Geoparkeko, Debegesa agentziako eta Zumaiako Udaleko teknikariak eta ordezkariek kopuru handiak lortu dira goragoko instituzioetatik. Europar Batasunak %47 finantzatuko du (494.093 euro) Next Generation funtsen bidez. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Euskal Kultura Ondarearen sustapenerako ematen dituen dirulaguntzen barruan 203.346 euro gehiago lortu ditu Udalak. 

Oinezkoen zirkulazioan aldaketak

moilaberri-obra.jpg

Moilaberri eraikineko obrek aldaketak eragingo dituzte oinezkoen zirkulazioak:

  • Mendaro Marinela kaleko espaloiaren zati bat itxita egongo da. Beraz, oinezkoek Gernika parke erdian dagoen pasabidea edo Mendaro Marinela kaleko espaloiaren beste aldea erabili beharko dute.
  • Basadi aldetik datorren bidea, errio ondokoa, zabalik egongo da. 

Bestelako aldaketa batzuk ere izango dira:

  • Obrek Moilaberri pareko plazaren zati bat ere hartuko dute (monolitora artekoa)
  • Komun publikoa itxita egongo da lanek iraun bitartean
  • Ez da ibilgailuen trafikoan aldaketarik izango, baina zenbait aparkaleku-plaza kenduta egongo dira obrek iraun bitartean

Zumaiako Udalak jakin badaki halako obrek eragozpenak sortzen dituztela, baina ezinbestekoak dira halako lanak behar bezala egiteko. Halaber, jakinarazi nahi du santelmoetan bestelakoa izango dela espazioaren okupazioa.

Turismo bulegoa baino, Zumaia eta Geoparke osoa ezagutzeko atea

moilaberri1.png

Moilaberri eraikina turismo bulego soil bat baino gehiago izatea nahi du Zumaiako Udalak. Geoparkerako sarbidea izatearekin batera,  bisitari eta turistak Geoparkearen eremu osoan ahalik eta modu orekatuenean mugitzea bilatzen du proiektuak, bisitariak Geoparkearen eremu osoak barnebiltzen dituen askotariko interes-lekuetara bideratzeko.

Izan ere, geologia, paisaia eta natura balio handiko baliabidez gain, ingurune horretan sortutako eta garatutako kultur balioek osatzen dute Geoparkea: artea, tradizioa, ohiturak, gastronomia, musika, landa-eremua, etab. Estrategia horrekin ingurumen-inpaktua murriztu eta lurraldearen oreka indartzeko bideak jarri nahi dituzte Zumaiako Udalak eta Geoparkeak.

Zentzu berean, eraikin berri honetan, bestelako elementuetan ere jarriko dute indarra. Hala nola, Zumaiako Industria Ondarearen Informazio Zentroak (ZIIZ) bere leku propioa izango du Moilaberrin, tokiko industria ondarearen balioan azpimarra egiteko. Gainera, euskara ere elementu garrantzitsua izango da espazio berrian.


Moilaberri eraberritzeko proiektuaren zati  bat Europar Batasunak finantzatuko du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren funtsen bidez, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) esparruan: 494.093 euro lortu dira bertatik. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Euskal Kultura Ondarearen sustapenerako dirulaguntzetatik beste 203.346 euro eskuratu dira. Dirulaguntza lortu izanak dakartzan betebeharrak betez, erakundeon ikusgarritasuna eta komunikazioa bermatzen da.

logoak.moilaberri.png

 

Albiste erlazionatuak