161 zumaiarrek jaso zuten Gizarte Larrialdietarako Laguntza 2020an

2021/05/05

68 bizikidetza unitateri onartu zaie dirulaguntza 2020an, eta 161 izan dira onuradunak. Aurten ere laguntzen inguruko informazioa bidali du Udalak Zumaiako etxe guztietara, eta beharrak edukitzekotan, Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzeko deia egin dute udal ordezkariek eta teknikariek.

Udalak urteak daramatza Gizarte Zerbitzuen bidez hainbat dirulaguntza kudeatzen. Dirulaguntza horien bidez Zumaian egoera ahulean bizi diren herritarrengana iritsi, bizi baldintzak nahiz bizi kalitatea hobetu eta gizarte bazterkeria egoerak prebenitu, saihestu edo leundu nahi dira.

Gizarte Zerbitzuetako langileek kasu bakoitza jaso, aztertu eta baloratu egiten dute. Hala, herritarrekin elkarlanean gauzak hobetzeko edo aldatzeko bidelaguntza eskaintzen dute Gizarte Zerbitzuek, arlo pertsonalean lanketa, laguntza ekonomikoak zein sozialak, eta babesa eskaintzen dute eskura dituzten baliabide eta prestazioak martxan jarriz.

Horietako laguntza bat da Gizarte Larrialdietarako Laguntza, eta horren berri eman die Udalak herritar guztiei bigarren urtez, etxe guztietara bidalitako eskuorriaren bidez. Irakurri baldintzak hemen edo jarri harremanetan Gizarte Zerbitzuekin.

Eskuorria (PDF)

Eskabidea aurkezteko agiriak

Gizarte Zerbitzuak:
943 86 22 00 / 632442256
brankaharrera@zumaia.eus

2020an, 161 onuradun

2020an 68 bizikidetza unitateri onartu zaie dirulaguntza (egindako 84 eskaeren artean), eta ondorioz, 161 zumaiar izan dira laguntzaren onuradunak. Bizikidetza unitateak kontutan hartuta, 28 onuradun berri daude; 25 hartzailek hiru urte baino gehiago darama GLL jasotzen; eta 21ek bost urte baino gehiago. Hartzaile guzti horietatik %35ak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta ere kobratzen du.

Nabarmentzeko beste faktore bat soldatapeko lanarena da: 68 eskatzaileen artean ia erdia lanean ari da, kasu gehienetan eskatzailea bakarrik.

Onuradun gehienak, emakumeak

Genero faktoreari erreparatuta, 48 eskaera emakumeek egin dituzte, hau da, %70,60a.

Adinari dagokionez, eskatzaileen %31a 60 urtetik gorako pentsiodunak izan dira; horietatik 14 emakumeak, eta 7 gizonezkoak. Pentsionisten artean 8 hartzaile berri izan dira 2020an. Halaber, eskatzaile kopuru handiena 35 urte eta 60 urte bitartean pilatzen da; 40 herritar daude talde horretan, eta horietatik 29 emakumeak dira.

Jatorriari erreparatuz, %26a Zumaian jaiotakoa dira, %20a EAEn jaiotakoak, %16ak Espainiar estatuaren baitako gainontzeko lurraldeetako jatorria du, eta %36 Espainiatk kanpokoko herrialdetakoak -horietatik gehienak Europar Batasunetik kanpokoak-.

Guzti horietatik, erdia bakarrik bizi da, eta beste erdiak seme-alabak dituzten bizikidetza-unitateetan.

Etxebizitzarekin lotutako gastuak

86.500 euro erabili dira Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako, eta kopuru horren %35a alokairua ordaintzen laguntzeko erabili da. %22a energiaren ordainketari lotutako gastuak laguntzeko izan da, eta %19a etxebizitzaren mantentze gastuentzat. Hau da, esan daiteke eskaera gehienak etxebizitzarekin lotutako gastuei bideratutakoak izan direla.

Izan ere, Gizarte Zerbitzuetako teknikarien arabera, %70ak baino gehiagok etxebizitzaren gastuei aurre egiteko zailtasunak dituzte. Erdia baino gehiago (%52,94a) alokairuan bizi da, eta %18a etxebizitzaren mailegua ordaintzen ari da.

Banatu diren kopuru eta kontzeptuak honako hauek dira:

KONTZEPTUA

KOPURUA/€

%

Alokairua

30.092,50

34,78

Interesak eta amortizazioa

11.208,16

12,95

Etxebizitzaren mantentzea

16.127,89

18,64

Energia

19.258,17

22,26

Altzariak eta instalakuntza

511.44

0,59

Aurreko zorra

673,25

0,78

Oinarrizko beharrak

8.646,41

10,00

GUZTIRA

86.517,82

100,00