Alde Zaharreko trafikoan aldaketak izango dira ekainaren 27an (asteartea), Komentuko obrak direla-eta

2023/06/23

Egun horretan, 07:30-20:30 bitartean, Bonifazio Etxegarai kalea eta San Jose kalearen zati bat itxita egongo dira oinezkoentzat zein trafikoarentzat.

2022ko azaroa erdialdean hasi ziren Mojaxarren Komentua eraberritzeko lanak. Altzari eta objektu baliotsuak atera eta behar bezala gorde ondoren, San Jose kalearen eta lorategiaren arteko horma botatzea izan zen lehen pausoa. Handik sartu zuten obra osoan beharko den garabia, eta, orain, horma barruko lanetan murgilduta daude beharginak. Azken egunotan teilatu zaharra kentzeko lanetan aritu dira, eta datorren asteartean, teilatu berria eraikitzeko materiala sartuko dute barrura.

Aste honetan bertan hasi dituzte teilatu berria eraikitzeko lanak, eta asteartean aldaketak izan ziren Alde Zaharreko trafikoan. Datorren asteartean ere aldaketa berdinak izango dira.

Hori horrela, ekainaren 27an (asteartea) itxita egongo dira Bonifazio Etxegarai kalea eta San Jose kalearen zati bat (1A-35W atarien arteko bidea, Ubillos zeharkatzen duena). Horregatik, honako aldaketak izango dira trafikoan:

EKAINAK 27 (ASTEARTEA) | 07:30-20:30 | Bonifazio Etxegarai kalea eta San Jose kalea (1A-35W atarien arteko bidea) itxita

  • Oinezkoak: etxeko atarietarako joan-etorriak bakarrik egin ahal izango dira

  • Ibilgailuak: errepidea erabat itxita egongo da. Ordezko bidea jarriko da: Angeles Sorazu kaleko aldapatik joan, Arritokieta kaletik igo, eta Odieta kaletik jaistea.

  • Erribera kalea 1 eta 1BIS atarietako bizilagunentzat oharra: arau orokor gisa, egun horretan ezin izango da ibilgailurik atera eremu horretatik (ez kanpoko aparkalekuetatik, ezta garajetik ere). Momentu puntualetan soilik irekiko da, obraren garapenaren arabera.

  • Ubillos zeharkatzen duen bidea noranzko bakarrean erabili ahal izango da (mapan zehazten den moduan). Horrenbestez, Ubillosera ezingo da autoarekin sartu.

Hori horrela, Udalak gidari zein oinezkoei gogorarazten die kontuz ibiltzeko eta obretan ezarritako seinaleak eta abiadura-mugak errespetatzeko, guztien segurtasuna bermatzeko.

trafikoa.mapa.E27.png