Alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik

2024/09/18

Diru-sarreren mugak igo egin dira, eta, aurrerantzean, bizikidetza-unitate osoa hartuko da kontuan. Gainera, errazagoa izango da eskaera aurkeztea, eskatzaileek dokumentu gutxiago aurkezteko aukera izango dutelako. 18-35 urte bitarteko zumaiarrek urriaren 4a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera; 36 urtetik aurrerakoek, berriz, urriaren 7ra arteko epea izango dute.

Zumaiako Udalak diruz laguntzen ditu alokairuan bizi diren herritarrak, zenbait baldintza betez gero. Hartzaileek 150 euro arteko dirulaguntza jaso dezakete hilabeteko. Laguntzak eskatzeko epea zabalik dago dagoeneko. Eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuak (udaletxean) edota telematikoki aurkeztu daitezke.

> Eskaera telematikoa: 18-35 urte bitartekoak (epea: urriak 4)
> Eskaera telematikoa: 36 urtetik gorakoak (epea: urriak 7)

Honakoak dira baldintza garrantzitsuenak: alokairu kontratua edukitzea, ordainketa banku transferentzia bidez egitea, eta oinarrietan ezarritako diru-sarreren mugak ez gainditzea. Duela bi urte, gainera, baldintza berri bat txertatu zen 18-35 urte bitartekoei bideratutako dirulaguntzen oinarrietan: Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza alokatzeko GAZTELAGUN programaren diru-laguntzak eskatzea. 

Dirulaguntzaren funtzioa hobetze aldera, Zumaiako Udalak alokairurako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzan zenbait aldaketa eta hobekuntza egin ditu aurtengoan. Honakoak zehazki:

  1. Bizikidetza unitatearen kontzeptua txertatzea: Orain arte, norbanakoen diru-sarrerak soilik hartzen ziren kontuan, baina alokairua familia-gastu bat denez, bizikidetza-unitate osoaren diru-sarrerak kontuan hartuko dira.

  2. Diru-sarreren muga handitzea: Etxebizitzen alokairuen prezioek gora egin dutela ikusita, dirulaguntzak jasotzeko gehienezko diru-sarrerak 28.000 eurora igo dira eskatzaile bakarrarentzat. Bizikidetza-unitateen kasuan 38.000 eurokoa izango da muga.

  3. Emantzipa programarekin bateragarria izatea: Eusko Jaurlaritzaren Emantzipa programak eta udal mailako alokairurako dirulaguntza bateragarriak izango dira, gazteen alokairu-laguntzak indartzeko asmoz. Ez nahastu Gaztelagun programarekin; kasu horretan ez da bateragarria izango, eta, gainera, beharrezkoa izango da Zumaiako Udalaren laguntza jasotzeko laguntza hori eskatu izana justifikatzea.

  4. Eskatzaileek dokumentu gutxiago aurkezteko aukera izango dute: Zumaiako Udalak NISAE Nodoaren bidez ondorengo egiaztapenak eta kontsultak egin ahal izango ditu, eskatzaileak horretarako baimena ematen badu: identitate datuak, errolda datuak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena (PFEZ), ondasun higiezinei buruzko kontsultak, zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean izatearen kontsultak, ezkondu gabeko bikoteen erregistroa, ezkontza ziurtagiria, eta helburu bereko beste dirulaguntza batzuk jasotzen diren (GLL, Gaztelagun, Emantzipa, EPE) egiaztatuko dira. Ukatzekotan, interesdunak dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.


Zalantzak izatekotan jarri gurekin harremanetan:
ETXEBIZITZA BULEGOA
etxebizitzabulegoa@zumaia.eus
943 86 50 25


Oinarriak:

Dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa da alokairu kontratua edukitzea eta alokairuaren ordainketa banku transferentzia bidez egitea. Oinarri berriekin dirulaguntza bizikidetza-unitatea kontutan hartuta emango da.

Aurten egindako aldaketei esker, aurrerantzean, altuxeagoa izango da dirulaguntza jasotzeko ezarritako diru-sarren gehieneko muga:

  • Eskatzaile bakarraren kasuan 28.000 euro haztatu urtean;
  • Bi eskatzaile edo gehiago baldin badaude, 38.000 euro haztatu urtean

Orain arte bezala, 36 urtetik gorako eskatzaileek beste baldintza bat bete beharko dute: alokairurako dirulaguntza jaso ahal izango dute baldin eta haien diru-sarreren %30 edo gehiago bideratzen badute alokairura.

> ORDENANTZA: Alokairurako dirulaguntzak. 18-35 urte bitarteko zumaiarrak

> ORDENANTZA: Alokairurako dirulaguntzak. 36 urtetik gorako zumaiarrak

Aurkeztu beharreko dokumentuak:

Jarraian, aurkeztu beharreko dokumentuen zerrenda eta horiek lortzeko jarraibidean aurkituko dituzu.

  • Eskaera orria
  • Etxebizitzaren alokairu-kontratuaren kopia
  • Eskatzailearen kontu korrontearen titularitatea egiaztatzen duen banku agiria.
  • Banku-agiria (originala edo fotokopia konpultsatua) edo banku transferentzien agiriak, errenta ordaintzen dela frogatzen duena, diruz lagun daitekeen denboraldiari dagokiona
  • Gaztelagun programako laguntza eskaera gauzatu izanaren froga-agiria (18-35 urte dituztenen kasuan)

Zalantzak izatekotan jarri gurekin harremanetan:
ETXEBIZITZA BULEGOA
etxebizitzabulegoa@zumaia.eus
943 86 50 25