Battelekuen estropadak antolatzen dituen Ur Ikara elkarteak oroigarria eman dio Udalari, "urteotan guztiotan Zumaiak emandako babesa eskertzeko"
Ur Ikara elkarteko kideak Zumaian izan dira gaur goizean. Teink Trofeoa antolatzen dute urtero, euskal kostalde osoa zeharkatzen duen estropada torneoa. Battelekuak erabiltzen dituzte estropada horietan, 90. hamarkada hasieran desagertzear zeuden iparraldeko ontziak.
1993an sortu zen Ur ikara elkartea, eta battelekuak berpizteko helburuarekin, Teink Trofeoa antolatu zuten. Hego eta Ipar Euskal Herriko kostak batzen dituen txapelketa da, ontzi mota horietan portuz portu euskal kosta igaroz egiten dena. Battelekuak Iparraldean erabiltzen diren batelak dira: hiru lagun eraman ditzakete, bi estriborrean arraunean eta bat, lemazaina, baborrean. Nahi izanez gero, bela bat ere eraman dezake.

Ekimenaren antolatzaileek azaltzen dutenez, 1990. urtearen amaieran, oso batteleku gutxi geratzen ziren Euskal Herrian, eta desagertzear zeuden. Egoera aldatzeko, lau lagunek euskal kosta battelekuetan zeharkatzea erabaki zuten. Hala, 1992ko udan, Donibane Lohizunetik Bilbora Teink batelikuan joan ziren. Hurrengo urtean antolatu zuten batteliku haren izena izango zuen trofeoa. Urte guztiotan battelekua betikotzea eta garatzea lortu dutela azpimarratu dute. Gainera, adin desberdinetako kideak elkartu dituzte estropadetan, eta gizon zein emakume ugarik parte hartzen dute ekimenean.
30 urte aurten
Lagun artean hasi zen ekimenak 30. urteurrena bete du aurten, eta berezia izaten ari da trofeoa, 1993tik hona ongi etorria eman dieten Euskal Herriko portu guztietatik igarotzen ari baitira. Uztailaren 29an abiatu zuten ekimena, Bilbon (Bizkaia). Plentzia, Bermeo, Gernika eta Lekeitio bisitatu ondotik iritsi dira Zumaiara. Eguraldiaren aurreikuspenak tarteko bertan behera utzi behar izan dituzte Mutriku eta Pasaia bi egunetan lotu behar zituzten etapak, baina geldialdia egin nahi izan dute Zumaian, herriak emandako babesa eskertzeko. Teink trofeoan hainbat zumaiarrek hartu dute parte aurreko urteetan, eta txapelketaren antolatzaileek harreman estua dute horietako askorekin eta Zumaiarekin. Hori horrela, Christophe Idiartegaray Ur Ikara elkarteko lehendakariak eta Rafa Zulaika Teink Trofeoko partaideak elkartearen eta trofeoaren oroigarriak eman dizkiete Zumaiako udal ordezkariei.
Hurrengo etapa Pasaian abiatuko dute larunbatean (abuztuaren 5ean), eta Donibane Lohitzunen amaituko dute aurtengo estropada-torneo berezi hau, egun berean.
Albiste erlazionatuak
Kirolak
- Zabalik dago Zumaiako goi-mailako kirolariei eta behar bereziak dituzten herritarrei zuzendutako dirulaguntzak eskatzeko epea 2025/11/05
- Kirol klubek, anbulategiak eta Udalak bat egin dute pantailen erabilera osasungarriaren alde 2025/10/20
- Udalaren izenean, zorionak eta eskerrik asko Flysch Trail mendi lasterketako kide guztiei 2025/10/07
- Surfa eta musika elektronikoa, bihar Itzurun hondartzan 2025/07/18
Kultura
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian 2025/12/01
- Banatu dituzte Julene Azpeitia 38. ipuin lehiaketako sariak 2025/11/25
- Hemen da berriro Euskararen Astea 2025/11/21



