Dantzak hartuko du Zumaia maiatzean

2022/05/04

Zumaiako Udalak, Astindu dantza elkartearekin batera, Maiatza Dantzan jaialdiaren hamaikagarren edizioa antolatu du hilabete honetarako. Tango tailerrarekin hasiko da ekimena, larunbat honetan bertan.

Herriko festak amaitu berritan, Zumaiak dantzan jarraituko du maiatza osoan. Hamaikagarrenez, Astindu dantza elkarteak eta Zumaiako Udalak elkarlanean ekitaldi ugari antolatu dituzte hilabete osorako. Larunbat hontan bertan (hilaren 7an) hasiko da dantzaren hilabetea, tango tailer irekiarekin -tailerra 17:00etan izango da, Odieta frontoian-.

Hilaren 14an Dantzari Eguna ospatuko da, musika eskolakoen kalejira eta dantza emanaldiarekin. Maiatzaren 21ean, berriz, Astindu dantza elkartearen eguna izango da; elkarteko bazkideek rueda cubana dantza tailerra egingo dute, eta, ondoren, elkarrekin bazkalduko dute.

Maiatzaren 28an Korrontzi musika taldeko musikariek eta Astindu elkarteko dantzariek emanaldia eskainiko dute, 19:30ean Zumaienan. Sarrerak dagoeneko salgai daude turismo bulegoan, 8 euroren truke (gazte txartela dutenek 6 euro ordaindu beharko dituzte). Emanaldian bildutako dirua Aita Mari salbamendu itsasontzira bideratuko dute.

Hilabetea dantza garaikideari buruzko mahainguruarekin amaituko dute, hilaren 31n (asteartea).