Etxebizitza turistikoen hazkundeari ‘muga eraginkorrak’ jarri dizkio Zumaiako Udalak
Etxebizitza Turistikoen kopurua %36 murriztea lortu da: prozesua abiatu zenean 56 etxebizitza turistiko zeuden herrian, eta horietatik 37k bakarrik eskatu dute haien egoera legeztatzeko; beraz, gaur egun 19 etxebizitza turistiko gutxiago daude herrian. Araua onartu zenetik lizentzia eskaera bakarra egon da; kontsulta gehiago ere egon diren arren, mugak ikusita, ez dute aurrera jarraitu.
2024ko apiriletik Zumaian indarrean dagoen araudi berriak etxebizitza turistikoen jarduera ekonomiko moduan arautzen du. Arauak muga zorrotzak jartzen ditu, helburu argi batekin: bizilagunen bizi baldintzak bermatzea, etxebizitzaren erabilera soziala lehenestea, eta, etxebizitza turistikoen neurrigabeko hazkundeari ateak ixtea. Etxebizitza turistikoak lehenengo solairuan bakarrik egon daitezke —lehenengo solairuan ez badaude, sarrera independentea izan beharko dute—, eta betiere, eraikin osoaren azaleraren kopuru bat gainditzen ez badute (%8a erdigune osoan, eta %12a Zumaiako gainontzeko lekuetan). Bestelako mugak ere jasotzen ditu arauak.
Etxebizitza turistikoen erregulazioa eta arauean jasotako mugak eraginkorrak izan direla uste du Udal Gobernuak, eta Argi Yeregi hirigintza zinegotziak bi datu azpimarratu ditu:
- Batetik: prozesua abiatu zenean 56 etxebizitza turistiko zeuden herrian, eta horietatik 37k bakarrik eskatu dute haien egoera legeztatzeko; beraz, gaur egun 19 etxebizitza turistiko gutxiago daude herrian.
- Bigarrenik: muga berriak indarrean daudenetik, lizentzia eskaera bakarra egon da; kontsulta gehiago ere egin dituzten arren, bakarrak baloratu du araua betetzeko aukera duela.
Iñaki Ostolazaren esanetan, araudiak aukera emango du “etxebizitzen erabilera soziala lehenesteko”, eta etxebizitza turistiko kopuru “jasangarri” bat mantentzeko. Azken urteotan halako jarduerek izandako gorakada handia izan da: 2016an zazpi etxebizitza turistiko erregistratuta zeuden herrian. Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan, bi aukera zeuden egoera horretan: “etxebizitza turistikoak neurrigabe handitzen ikusten jarraitzea, geldi; edo, egoera ondo aztertu, eta neurri eraginkorrak bilatzea”. Bigarren aukera horren alde egin zuen Udal Gobernuak, eta, erregulazio mota hauen inguruan azken urteotan egondako gora-beherak gaindituta (auzitegiek bertan behera utzi dituzte zenbait hirik onartutako araudiak), “asmatu” dute nola egin.
Arauaren xedeetako bat da bizilagunen eguneroko bizitza kalitatea bermatzea, izan ere, etxebizitza turistikoak bezalako jarduerek eragina izaten dute bizilagunen atarietan. Zumaiako Udalak ezarritako arauaz gain, atarietan hartu daitezkeen bestelako neurriak ere egon badaude: jabeen erkidegoek aukera dute haien eraikinean etxebizitza turistiko berriak ez ezartzeko erabakia hartzeko, baldin eta portaleko jabeen artean hala erabakitzen bada. Neurri hau etorkizuneko baimen berriei soilik aplikatzen zaie, eta ez du atzeraeraginezko eraginik: hau da, dagoeneko baimenduta dauden etxebizitza turistikoek jarduten jarraitu ahal izango dute. Erabaki horiek jabetza horizontalaren araudian oinarritzen dira.
Etxebizitza turistikoen jarduera arautzeko urratsa Zumaiako etxebizitza politika integralaren parte da. Etxebizitza hutsen mobilizazioa, alokairuaren sustapena eta etxebizitza babestuaren aldeko neurriak ere abian dira. Turismoaren garapena eta herritarren bizi-baldintzak orekatzeko ahalegin etengabean, Udalaren apustua argia da: “herri bizigarria, herritarrentzat”. Zumaiako Udala bere eskuetan dagoen neurri guztiak garatzen ari da.
Muga nagusiak
2024ko apiriletik indarrean dagoen araudi berriak jarduera ekonomiko honen garapenerako baldintza zehatzak ezartzen ditu:
- Jarduera ekonomiko gisa araututa dago etxebizitza turistikoen jarduera: beraz, ezinbestean erregistratu behar dira, eta legeak ezarritako baldintzak bete.
- Lehen solairuan bakarrik egon daitezke edo sarrera independentea duten etxeetan, elkarbizitza babesteko.
- Eraikin bakoitzeko etxebizitza turistiko bakarra onartuko da, eta ezin izango du eraikinaren azalera osoaren %8a (herrigune osoan) edo %12a (beste eremuetan) gainditu.
- Bajoetan eta lokaletan ezin da jarduera hori gauzatu, eta ezta erroldatutako pertsonarik izan ere: ezin da ohiko bizilekua izan.
- Gutxieneko baldintzak ezartzen dira: 45m² erabilgarri, besteak beste.
Muga hauek 2024ko apiriletik daude indarrean. Data hori baino lehen etxebizitza turistiko moduan erregulatuta zeudenek ez dituzte bete behar izan. Horiek urtebeteko epea izan dute haien egoera legeztatzeko: 56 etxebizitza turistiko zeuden prozesua abiatu zenean, baina horietatik 37k bakarrik egin du eskaera. Araudiak jarduera ekonomikoaren kontrola erraztu du eta Udalari benetako egoeraren neurketa egiteko tresna baliagarria eskaini dio.
Gainera, araudia indarrean jarri denetik lizentzia berri bakarra eskatu da, eta aurrerantzean baimen guztiak araudi berrira egokituko dira.
Zehapenak eta kontrol mekanismoak jarduera ekonomiko guztietan bezala aplikatuko dira etxebizitza turistikoen kasuan ere. Eusko Jaurlaritzaren eskumena da jarduera horien jarraipena egitea, bai bere ekimenez, bai eta Zumaiako Udalak hala identifikatzen duenean. Helburua da jarduera irregularrak detektatu eta araudiaren betetzea bermatzea. Jarduera ekonomiko irregularren kasuan isun handiak daude aurreikusita.
Prozesu luze baten emaitza
Araua osatzeko prozesua luzea izan da: aurreko legealdian Etxebizitza Plana osatzeko lanketa abiatu zuen Udalak, Hiritik At kooperatibaren eskutik. Etxebizitza turistikoekin lotutako lan-lerroaren barruan diagnostiko bat egin zen aurrena, eta, ondoren, eragile desberdinekin batera landu zen gaia: etxebizitza asanbladako kideekin, etxebizitza turistikoen jabeekin, eta arlo desberdinetako udal teknikariekin. Herritarrekin saio irekiak ere egin zituen Udal Gobernuak. Zenbait oinarri adostu ziren prozesu horretan, eta, irizpide horiek kontutan hartuta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren barruan ere landu zen gaia.
Prozesuan zehar bi moratoria egon dira indarrean: 2021eko uztailean lehen moratoria ezarri zen: etxebizitza turistiko berrientzako lizentziak emateari utzi zitzaion. 2023an ezarri zen bigarren moratoria, araudia indarrean jarri arte.
Hasiera batean prozesuan parte hartu duten eragileekin udalerriko etxebizitza turistiko kopurua mugatzea adostu bazen ere, arauaren egonkortasun bermatze aldera, bestelako neurriak hartu dira azkenean. Edonola ere, emaitza, finean, antzekoa izango dela aurreikusten du Zumaiako Udalak.
Albiste erlazionatuak
Etxebizitza
Etxebizitza Bulegoa
Zumaia bizitzeko da
- Oraingoan bai: Itzurun hondartzan antzoki bihurtuko da larunbatean [OHARRAK] 2025/05/22
- Datorren astean hasiko da 'nagusiekin eta nagusientzat' prestatutako egitaraua 2025/05/17
- Itzurun hondartzan agurtuko du Jon Maiak 'Kantu berri bat gara' proiektua, maiatzaren 24an 2025/05/16
- Estazio kalean hainbat hobekuntza egingo ditu Udalak 2025/05/14