Zumaiako Udalak bat egin du UEMAk abiatu duen 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainarekin
Beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorri, euskara ikasi, eta jendaurrean aritzen diren tabernariak, zerbitzariak eta dendariak dira kanpainaren oinarria, eta horiekin erdaraz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea da helburua.
Lehen aldiz 2023ko azaroan ekin zion UEMAk Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin.
Bateko eta besteko haurrak eta nerabeak izan ziren kanpaina haren irudia, eta ekimenak oihartzun ederra izan zuen sareetan zein hedabideetan. Orduan, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko beharra ere nabarmendu zioten hainbat udalek UEMAri, eta horiek izango dira kanpainaren bigarren aldi honetako protagonistak.
Zehazki, Azkoitia, Mutriku, Ibarra, Tolosa, Arbizu, Etxarri Aranatz, Larrabetzu, Lezo, Lekeitio eta Zaldibiako ostalariak eta merkatariak dira kanpainan agertuko direnak: Michele Abrego, Valeria Medina, Hector Daniel Hernandez, Jennifer Cardenas, Rizwan Ali, Keyla Vias, Guina Lodiagne, Narcisa Farcas, Amin Boumediene, Maurizio Faedda, Marcos Rocha eta Ansou Senghor.
Kanpainaren nondik norakoak azalduz, udalerri euskaldunetarako kartelak eta diptikoak prestatu ditu UEMAk. Zumaiako Udalak eraikin publikoetan jarriko ditu. Halaber, zumaiarrak animatu nahi ditu tabernari, zerbitzari, dendari eta herritar guztiekin euskaraz aritzera.
Abiapuntua: kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan
Kanpaina honen abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dago. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera, eta azken urteotan 29 herritara zabaldu dute UEMAk, udalek eta hainbat eragilek. Herri horietako zenbaitek kezka adierazi dute, lanketa handia egin arren aurreiritziek indar handia dutelako oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten dietelako herritarrek, euskaraz jakin arren. Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak.
Erdaraz hasten zaizkie herritar asko, kanpokoak direla adieraziz zeharka
Euskaldunak dira Amin, Ansou, Narcisa, Rizwan, Keyla, Marcos, Maurizio, Guina, Jennifer, Daniel, Michele eta Valeria. Aljerian, Senegalen, Errumanian, Pakistanen, Brasilen, Bolivian, Sardinian, Uruguain, Mexikon eta Nikaraguan jaio dira. Arabiera, wolofera, errumaniera, urdua, portugesa, sardiniera edo gaztelera jaso dute etxean. Euskara, beraz, ez da beraien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute, eta euskaraz aritzen dira bezeroekin.
Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten zaiela zeharka. Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak sentitzen direlako.
Albiste erlazionatuak
Euskara
- Herriko emakume aitzindariei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2025/12/16
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Banatu dituzte Julene Azpeitia 38. ipuin lehiaketako sariak 2025/11/25
- Hemen da berriro Euskararen Astea 2025/11/21
UEMA
Zumaia bizitzeko da
- Abante! jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua jarri du abian Udalak 2026/02/19
- Ikusgai daude Torreagako BOE etxebizitzen zozketan parte hartzeko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak 2026/02/05
- Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia egingo dute otsailaren 7an 2026/01/30
- Ostiral honetan amaituko da Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea 2026/01/29



