'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloaren egitaraua aurkeztu du Larrainak

2022/02/10

Euskara ardatz hartuta, lau hitzaldi izango dira Zumaian otsailaren 16tik martxoaren 30era bitartean. Larraina Euskara Taldeak antolatu du bigarren urtez, Udalarekin elkarlanean.

2012tik urtero egin da Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa, eta aurten, bigarren urtez, Larraina euskara taldeak antolatu du, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean. Aurten hitzaldi bakoitzak gai bat aztertuko du, eta hitzaldi guztiak Alondegiko Oxford aretoan izango dira. Ohi bezala, asteazkenetan izango dira hitzorduak, 18:30ean. 

Kike Amonarriz euskararen aldeko dibulgatzaile ezagunak emango dio hasiera zikloari, otsailaren 16an. Euskara elkarteen Topaguneko ordezkari modura, aukera izango du gizarte mugimenduaren indartzearen inguruan elkar motibatzearen gakoak azaltzeko. Aurten, kalera atera eta herritarrak kolektiboki elkarrekin aritzeko aitzakia izango dugu, bertan baititugu Korrika eta Euskaraldia. Nola aprobetxatu, ordea, herriko biziera sendotzeko? Zein dira gakoak? Galdera horiei erantzungo die.

Plataformak abiada bizian hedatzen ari dira eta horietan euskararen presentzia eskatzeko ekimenak jarri dira abian; hain zuzen ere, Alex Aginagalde irakasleak horien berri emango du martxoaren 2an. Inplikazioa eskatuko du; izan ere, gero eta denbora gehiago ematen ei dugu horien aurrean. Nola egin aurre, ordea, nazioarteko erraldoien joerei? Gizarte mugimendu sendoek lorpenak izan ditzakete bide horretan? Olatz Arregi EHUko irakasle zumaiarra izango du bideratzaile.

Garbiñe Bereziartuak eta Xabier Azkuek hitanoari buruz hitz egingo dute martxoaren 16an. Lehenak, hizkera modu horrek Euskal Herrian duen esanahiaren eta presentziaren inguruan egindako azken ikerketak aintzat hartuta, eta Xabier Azkuek herriko errealitatea ikertu eta proposamenak egiteko. Ba ote da aukera erabileraren gainbeherari itzulia emateko? Maitane Subijana Emakumeon* Etxea elkarteko kideak bideratuko du saioa.

Azkenik, Ximun Fuchsek kulturan euskarak duen zentralitateaz hitz egingo du martxoaren 30ean, Jon Maia bertsolari zumaiarraren gidaritzapean. Funtsean "kultura euskaraz, bestela ez gara tesiaren inguruko hitz aspertu artistikoa" eskainiko du antzerki zuzendari eta aktoreak. 

Azken urteotan ohikoa den bezala, euskararen erabileran eragiteko helburuarekin antolatu dute hitzaldi zikloa. Larrainako ordezkariek azaldu dute "pandemia hasi bezperatan" hasi zutela ibilbidea, eta, "zailtasunak zailtasun" erronkari eutsi ahal izan diotela. "Oraindik pandemiaren ondorioak bizi ditugun arren, eztabaidagai eta elkargune izateko nahiarekin" osatu dute aurtengo egitaraua.