Fito Rodriguez idazleak eleberri labur bat sortuko du Zumaian
Literatura, antzerkia eta zinema euskaraz garatzeko Geuretik Sortuak proiektua hartuko duen Euskal Herriko 26 udalerrietako bat izango da Zumaia. Ekimenaren baitan, Zumaian egonaldia egingo du Fito Rodriguez idazleak.
Geuretik Sortuak proiektuarekin, euskaraz sortzen eta hedatzen den artea bultzatu nahi du Udalbiltzak; zehazki, euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea da proiektuaren helburua, eta, horretarako, sormen lanak egiteko egonaldiak antolatu ditu sortzaileentzat Euskal Herri osoko hainbat herritan.
Denera, 26 sortzaile eta kolektibo hautatu dituzte: hamasei idazle, bost zinemagile eta bost antzerki konpainia. Horiek guztiak Euskal Herriko 26 udalerri desberdinetan egingo dituzte egonaldiak. Euskal kulturgintzako izen ezagunak zein izen berriak bildu ditu ekimenak. Sortzaile bakoitzak hiru astera bitarteko egonaldia egingo du bere bizilekua ez den herri batean, eta hamasei ipuin, bost antzezlan eta bost film labur sortuko dira.
Zumaiako Udalak ere parte hartu du ekimenean, eta ekainean eta irailean zehar, Fito Rodriguez idazlea Zumaian izango da. Gerora, sorkuntza prozesua amaituta, proiektuaren baitan sortutako lan horiek erakusteko zirkuituaren parte izango da Zumaia ere.
Itzulerari buruzko eleberri labur bat
Fito Rodriguezek itzuleran jarriko du arreta Zumaiako egonaldian sortuko duen lanean. Euskal Herritik kanpo urteak pasa ondoren eta dagoeneko aitonduta bere herrira itzuliko da eleberriko protagonista, eta ez du bere garaian utzitako tokia aurkituko. Halere, berau eta haren bilobaren artean inolaz uste ez zuen harremana sortu eta garatuko da. Erlazio hori dela medio protagonista azaltzen joango da hasierako erbesterako bidearen arrazoiak eta, haien bidez, bilobak aurkituko ditu haren familia eta ingurua ulertzeko gakoak. Zer izan da Beltza, iheslaria?, erbesteratua?, immigrantea?... edo hori dena bateratuz soilik uler dezakegu gure gertuko memoriaren parte diren pasadizo hauek guztiak?. Hari horietatik tiraka, Zumaian kokatuko den lana sortuko du idazleak.
Fito Rodriguez idazlea eta artikulugilea da, baita Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea ere. Mota guztietako testuak argitaratu ditu, eta askotariko arloetan aritu da: kazetaritzan, ikerketa akademikoan, dibulgazio kulturalean, fikzioan, saiakeran zein itzulpenetan. Haur literaturari ere heldu dio azken aldian, eta Kuoi liburua argitaratu berri du 2021ean, Irene Irureta zumaiarrak eta Karmele Gorroño galdakoztarrak osatzen duten Irrimarra bikote artistikoarekin elkarlanean.
Maite Aizpurua zumaiarra, Atarribian eta Uharten
Ekimen beraren baitan, Maite Aizpurua aktore zumaiarrak Atarrabian eta Uharten egingo du egonaldia, Metrokoadroka sormen laborategia kolektiboaren baitan.
Bidaide izeneko izeneko site-specific antzezlan ibiltaria sortuko dute bertan, “herrietako kulturgile anonimoak” gaitzat hartuta.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Film laburren saioa izango da Zumaian ostegun honetan, Zinegoak programaren barruan 2023/06/05
- Nerabeei zuzendutako jarduerak eta txangoak egingo dituzte uztailean 2023/06/05
- 148 zumaiarrek jaso zuten Gizarte Larrialdietarako Laguntza 2022an 2023/06/02
- Eskubaloi pista berritzeko lanak martxan daude 2023/06/01
Euskara
- Osasun arreta euskaraz eskatzeko deia zumaiarrei 2023/03/31
- Aurten ere egin errenta aitorpena euskaraz 2023/03/27
- Euskara sustatu eta erabilera bultzatzeko hitzarmena sinatu dute Larraina elkarteak eta Udalak bigarren urtez 2023/03/20
- Lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute Urolako Komunikazio Taldeak eta Zumaiako Udalak 2023/03/17
Kultura
- Film laburren saioa izango da Zumaian ostegun honetan, Zinegoak programaren barruan 2023/06/05
- 'Casa Susanna' film dokumentala eta film laburren saioa izango dira Zumaian, Zinegoak programaren barruan 2023/05/11
- Askotariko dantza estiloak eta adin guztietako herritarrentzako ekintzak, Maiatza Dantzan programaren barruan 2023/04/27
- Auzoetako festak antolatzeko dirulaguntza deialdia argitaratu du Udalak 2023/04/21