Futbol zelaiko argiteria LED teknologiara aldatzen ari da Udala

2024/06/06

55.520 euro erabiliko ditu azken belaunaldiko LED teknologia eta kontrol-sistema domotikoa ezartzeko. Hobekuntza hori udalerriko kirol-instalazioak eguneratzeko plan oso baten parte da. Lanek irauten duten bitartean ezin izango da futbol-zelaia erabili 08:00-17:30 bitartean.

Dagoeneko martxan daude udal futbol-zelaiko argiak berritzeko lanak, erabiltzaileen mesede egin eta azpiegituraren eraginkortasun energetikoa hobetzeko helburuarekin. 53.500 euroko aurrekontuarekin, ekimen hau udalerriko kirol-instalazioak hobetzeko plan zabalago baten parte da. Lanek irauten duten bitartean ezin izango da futbol-zelaia erabili 08:00-17:30 bitartean.

Gaur egungo argiztapen-sistema, 2000. urtean instalatua, zaharkituta geratu da eta azken belaunaldiko LED teknologiarekin ordeztuko da. Eguneratze horrek argiztapen hobea emateaz gain, energia-kontsumoa eta horri lotutako kostuak nabarmen murriztuko ditu. Gainera, sistema berria domotikoki erabiltzeko modukoa izango da, eta horrek argiztapenaren kontrol eraginkorragoa eta malguagoa ahalbidetuko du.

Hasiera batean berrikuntza horretarako 85.000 euroko aurrekontua aurreikusi zen. Hala ere, udal kudeaketa eraginkorrari esker, kostua 55.520 eurora jaistea lortu da, eta 29.480 euroko soberakina sortu da, udalaren beste beharrizan batzuetarako erabili ahal izango dena.

Ez dira legealdi honetan kirol instalazioetan egingo diren lehenengo hobekuntzak, ordea: futbol zelaiko harmailak konpondu dira euria egiten duenean ikusleak busti ez daitezen; futbolariek kolpe txarrak har ditzaten saihesteko konponketa bat egin da zelai berean; Aitzuri pilotalekuan bi aldagela konpondu dira; Sagarbideko pilotalekuan sarea jarri da kontrakantxan; kiroldegiko pistan bi markagailu berri jarri dira (11.000 euro); itsas kiroldegian konponketak egin dira (8.993 euro); eta, laster, futbol zelaiko, Sagarbideko pistako eta padel pistetako sareak berrituko dira (1.427 euro).

Hurrengo urtean bertan, behin 2025erako aurrekontuak onartu eta gero, bestelako kirol instalazioetan ere hobekuntzak egingo ditu Udalak, hala nola: surf elkartearen lokalean hezegunea handituko da, eta kiroldegiko igerilekuan tranpolinak konponduko dira.

Hobekuntza horiek guztiak erabiltzaileekin eta elkarteetako ordezkariekin batera landutakoak dira. Lan guzti hauekin instalazioak ahalik eta ondoen eta egokien egon daitezen nahi du Zumaiako Udalak, kiroldegia osorik eraberritu zain egon gabe.