Getaria, Zestoa eta Zumaiako kiroldegiak ‘Mugiment kirol txartela’ egitasmora atxiki dira
“Txartel birtual” honi esker, udalerrien kirol zerbitzuetako abonatuek programara atxikitako beste udalerrietako kirol instalazioak erabili ditzakete. Hala, aurrerantzean, Getaria, Zestoa eta Zumaiako abonatuek gainontzeko herrietako zerbitzuak baliatu ahal izango dituzte, zehaztutako ordutegietan betiere.
Eusko Jaurlaritzak aldundiekin eta udalekin batera bultzatutako proiektua Getariara, Zestoara eta Zumaiara ere iritsi da. Jose Inazio Atorrasagasti Getariako kiroldegiko arduradunak, Ekaitz Esteban Getariako Udaleko kirol zinegotziak, Aitor Salegi Zestoako kirol zinegotziak, Antxon Alberdi Zumaiako kiroldegiko arduradunak eta Arritxu Iribar Zumaiako kirol zinegotziak aurkeztu dute ekimena Zumaiako kiroldegian. Astelehenetik aurrera hartu ahal izango dira txandak, app-a erabiliz.
Mugiment Kirol Txartela doako 'txartel birtuala' da. Egitasmoaren helburuak dira kirola sustatzea eta kirol eskaintza zabaltzea. Horren bidez, abonatuek sarean atxikita dauden gainontzeko udalerrietako kirol-instalazioak erabili ditzakete. Txartela birtuala izanik, internetera konexioa duen mugikorra besterik ez du beharko erabiltzaileak. App-a instalatu eta gero, ondoko udalerriko ordutegiak kontsultatu eta txanda aukeratu ahal izango dute erabiltzaileek. Baldintza bakarra norbere udalerriko abonatua izatea da.
Getariako, Zestoako eta Zumaiako udal ordezkariek zein kiroldegietako arduradunek uste dute Mugiment Kirol Txartela programara atxikitzeak onurak ekarriko dizkietela eskualdeko herritarrei zein eskualdean lan egiten dutenei.
Funtzionamendua:
Txartela doakoa da, baina beharrezkoa da udalaren kirol zerbitzuan abonatuta egotea txartela erabili ahal izateko. Bestalde, masifikazioak saihesteko, udalerriek zerbitzu mankomunatuetara sartzeko ordutegiak mugatzen dituzte kasu gehienetan. Horregatik, garrantzitsua da gainontzeko udalerrietako zerbitzuak erabiltzeko ordutegiak ondo begiratzea.
Honako hauek dira Kirol Txartela erabiltzeko pausuak:
- Mugikorrean Mugiment Kirol Txartela app-a instalatu.
- Erregistratu datu pertsonalak emanez: e-posta eta NAN zenbakia, abonatua den instalazioaren izena adieraziz.
- Esandako erakundea balioztatu ondoren eta notifikazioa jaso ostean, Mugiment Kirol Txartela erabil daiteke.
- Kirol instalaziora sartzean, “txartel birtuala” eta NANa erakutsi behar da.
- Instalazioaren langileak sarrera erregistratzen du, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatze kodea sartuz eta sarrera emanez.
Atxikitako udalerriak:
Honakoak dira programara atxikitako udalerriak: Zumaia, Getaria, Zestoa, Mutriku, Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto-Zierbena, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Oñati, Amurrio, Laudio, Ugao-Miraballes, Bakio, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Bermeo, Erandio, Gernika, Lemoa, Sopela, Durango, Berriz, Elorrio, Sondika, Zamudio, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba, Zestoa eta Zornotza.
App-a instalatu eta kontsultatu erabilgarri dauden txanda eta zerbitzuak.
Albiste erlazionatuak
Kirolak
- Zabalik dago Zumaiako goi-mailako kirolariei eta behar bereziak dituzten herritarrei zuzendutako dirulaguntzak eskatzeko epea 2025/11/05
- Kirol klubek, anbulategiak eta Udalak bat egin dute pantailen erabilera osasungarriaren alde 2025/10/20
- Udalaren izenean, zorionak eta eskerrik asko Flysch Trail mendi lasterketako kide guztiei 2025/10/07
- Surfa eta musika elektronikoa, bihar Itzurun hondartzan 2025/07/18
Zumaia bizitzeko da
- Pedro Basurto zumaiarra oroitu dute Ataunen 2025/12/04
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian 2025/12/01
- Erkibeko lorategia irekitzeko lanak abenduarekin batera hasiko dira 2025/11/27



